Faxismoaren eta indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko deia egin dute Itzubaltzeta/Romon

Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolakuntza kolektiboa eta autodefentsa feminista indartzeko deia egin du.

Indarkeria matxistaren aurka eta emakumeen eskubideen alde mobilizatzeko deia egin dute azaroaren 25erako, Itzubaltzeta/Romon. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Santa Eugenia plazatik, "Ez ginen atzera egiteko jaio. Frente al fascismo, feminismo" lelopean. Hala, faxismoaren eta diskurtso antifeministen gorakadari aurre egiteko beharra aldarrikatuko dute.

Deialdia Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo azaroaren 25erako zabaldu duen aldarrikapenagaz bat dator. Mugimenduak eskuin muturraren gorakadak eta diskurtso erreakzionarioek emakumeen zein sexu-genero disidenteen eskubideak mehatxatzen dituztela ohartarazi du. Horren aurrean, antolakuntza kolektiboa eta autodefentsa feminista indartzeko deia egin du.

Era berean, feminismoa diskurtso arrazistak justifikatzeko erabiltzea gaitzetsi du, eta indarkeria matxistari aurre egiteko erakundeen erantzunkizuna azpimarratu du. Horretarako, aliantzak sendotzea eta kaleak hartzen jarraitzea ezinbestekotzat jo du.

Itzubaltzeta/Romoko mobilizazioa Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan egingo diren protesten testuinguruan kokatzen da. Guztiek aldarrikapen bera izango dute oinarri: indarkeria matxistaren eta faxismoaren aurrean, eskubideetan atzera pausorik ez ematea. 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun