Ereagako igogailu publikoa otsailaren amaierara arte egongo da zerbitzutik kanpo

Laura Fontalba Colomo

Obrak instalazioaren funtzionamendua eta baldintzak egokitzeko egingo dituzte.

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, instalazioko obrak direla eta, Ereagako igogailu publikoa zerbitzutik kanpo egongo da datorren astelehenetik, azaroaren 23tik, datorren urteko otsailaren amaierara arte.

Udalaren arabera, obrak instalazioaren funtzionamendua eta baldintzak egokitzeko eta beste jarduketa osagarri batzuk egiteko helburua daukate. Aurreikusitako lanen barruan, igogailuaren elementuak aldatzea sartzen da, baita goiko eta beheko instalazioetan jarduketak egitea ere, mendi-hegaletik iragazten den ura jaso eta bideratzeko. Horrez gain, beheko estazioko estalkian lanak ere egingo dituzte, euri-ura errazago husteko helburuagaz.

Gainera, instalazioaren inguruan zabalago dagoen eremu batean, inausketa-lanak eta adarrak kentzeko lanak ere egingo dituztela aurreratu du Udalak, igogailuko bidearen gainean erortzeko arriskua murrizteko. Era berean, dagoeneko beharrezkoak ez diren txartelak baliogabetzeko makinak kenduko dituzte. 

Lanak otsailaren amaierara arte iraungo direla aurreikusi dute, igogailuaren zerbitzua hobetzeko eta bere funtzionamendua bermatzeko asmoz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun