Kalteak konpontzeak 1.964 euroko kostua izango du gutxienez, BEZik gabe, Udalaren lehen kalkuluen arabera. Zenbateko horri kaltetutako elementuak berriro jartzeko eta konpontzeko lanak gehitu beharko zaizkio. Horien kostua oraindik ez dute zehaztu, baina, aurreikuspenen arabera, udal langileek egingo dituzte.
Udalaren iritziz, horrelako ekintzek herritar guztiei egiten diete kalte, baliabide publikoetan gastu gehigarria eragiten dutelako eta txakurren jabeentzako aisialdi-gunea martxan jartzea atzeratu dezaketelako.
Iturribarriko txakur-parkea herritarrek Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez aurkeztutako proposamen batetik sortu zen. Udalak argitu duenez, gertatutakoak ez du proiektuaren jarraipena etengo, eta obrek ezarritako plangintzaren arabera jarraituko dute.
Azkenik, Udalak udal-proiektuen inguruko desadostasunak bide ofizialetatik adierazi behar direla gogorarazi du. Izan ere, nabarmendu duenez, ekimen bategaz ados ez egoteak ez du justifikatzen ondasun publikoak hondatzea, kalteak konpontzeko gastua herritar guztien gain geratzen baita.