Getxoko HAPO berriaren aurka auzitara jo du Adi-Hapo elkarteak

Adi-Hapoko kideek argi dute auzitegietako bidea ez dela erraza izango. 

Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurkako helegitea aurkeztu du elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Etxebizitzaren arazoa konpontzen ez duela eta herriko ondarea eta ingurumena arriskuan jartzen dituela salatu dute. Prozesu judizialari aurre egiteko, herritarren laguntza eskatu dute.

Elkartearen kezka nagusietako bat etxebizitza da. Gogorarazi dutenez, Getxok 7.000 biztanle baino gehiago galdu ditu 2001etik, eta gazte askok ezin dute herrian bizitzen jarraitu, etxebizitzen prezioengatik. HAPOak 4.471 etxebizitza berri aurreikusten ditu, baina Adi-Hapokoek zalantzan jarri dute horrek benetan konponduko ote duen arazoa. Izan ere, salatu dutenez, etxebizitza babestuen zati handi bat ez da berehala eraikiko, eta, bitartean, etxebizitza garestiak egiteko aukera zabalduko da.

Baina etxebizitza ez da kezkatzen dituen kontu bakarra. Andra Marin eta Salsidualden, esaterako, belaunaldiz belaunaldi bertan bizi izan diren hainbat familiaren etorkizuna kolokan egon daitekeela ohartarazi dute. Era berean, Gobela eta Kandela ibaien inguruko uholde-arriskuko eremuetan eraikitzeko asmoak kritikatu dituzte.

Herriko ondarearen inguruan ere badute zer esana. Elkartearen arabera, Portu Zaharrean aurreikusitako eraikuntza batzuek ondarea babesteko araudia urratzen dute, eta balio historikoa duten 42 eraikin babesik gabe geratuko lirateke, tartean Andra Mariko hainbat baserri.

Horrez gain, HAPOaren etxebizitza-aurreikuspenetan zuzendu edo hobetu beharreko alderdiak antzeman zituela adierazi dute, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenari erreferentzia eginez.

Herritarren laguntza behar dute

Adi-Hapoko kideek argi dute auzitegietako bidea ez dela erraza izango. Helegitea defendatzeko, hirigintza, ondare, ekonomia eta hidraulika arloetako aditu independenteen txostenak erabiliko dituzte. Horrek guztiak, ordea, gastu handia dakar, eta herritarrengana jo dute laguntza eske.

Horretarako, diru-bilketa abiatu dute, abokatuen eta perituen lana ordaindu ahal izateko. Ekarpen txikiak ere garrantzitsuak direla nabarmendu dute, datozen hamarkadetan Getxok izango duen itxura eta bizimodua jokoan daudela iritzita.

"Ez gara geldirik geratuko defendatu gabe", adierazi dute. Izan ere, elkarteko kideen ustez, eztabaida ez da soilik zenbat etxebizitza eraikiko diren, nolako Getxo utziko zaien datozen belaunaldiei eta nork izango duen bertan bizitzeko aukera baizik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun