Sindikatuaren arabera, egoitzan ez da adinekoen egoitzetako hitzarmena behar bezala bete. Besteak beste, langileek urteko lan-egutegia ezagutzeko eskubidea dutela, lanaldian 20 minutuko atsedenaldia errespetatu behar dela eta txanden artean gutxienez 12 orduko atsedena bermatu behar dela jaso du Lan Ikuskaritzak.
Horrez gain, enpresak urteko lan-egutegia langileen ordezkariakaz negoziatzeko betebeharra duela gogorarazi du. LABek azaldu duenez, betebehar hori ez betetzeagatik arau-hauste larria egotzi dio Lan Ikuskaritzak egoitzari. Horregatik, zuzendaritzari eskatu diote urteko egutegiaren benetako proposamen bat aurkezteko eta negoziazioari ekiteko.
Baina ez da antzemandako arau-hauste bakarra. Sindikatuak Lan Ikuskaritzak beste arau-hauste larri bat ere egotzi diola egoitzari jakinarazi du, langileen grebarako eskubidea urratzeagatik.
Ia milioi bat euroko irabaziak
Lan-baldintzen inguruko salaketakaz batera, LABek egoitzaren egoera ekonomikoa ere jarri du mahai gainean. Sindikatuaren arabera, San Esteban egoitzak 989.636 euroko irabaziak izan zituen 2025ean, langileen lan-baldintzak gero eta prekarioagoak diren bitartean.
"Zaintza ezin da negozioa izan", aldarrikatu du sindikatuak, eta etekin ekonomikoak langileen eskubideen gainetik ezin direla jarri azpimarratu du.
Gainera, LABek jakinarazi du azkenaldian egoitzako erabiltzaileen senideen hainbat dei jaso dituztela, bai langileen egoeragatik, bai egoiliarren egoeragatik kezkatuta.
Hala, Lan Ikuskaritzaren txostena jaso ostean, sindikatuak zuzendaritzari langileen eskubideak errespetatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio.