Elkarrekin Podemosek Getxoko auzoetan eskalatzeko gune publikoak sortzea proposatu du

Getxok hiru kiroldegi dituen arren, Elkarrekin Podemosek eskaladarako eskaintza urria dela uste du.

Getxon eskalada praktikatzeko aukera gehiago egotea gura du Elkarrekin Podemosek. Horretarako, rokodromo bat eta aire zabaleko hainbat eskalada-gune sortzea proposatuko du Udalaren hurrengo osoko bilkuran. Helburua herritarrek kirol hori doan eta etxetik gertu praktikatu ahal izatea da.

Eskalada gero eta zale gehiago dituen kirola da, batez ere gazteen artean. Hala ere, Elkarrekin Podemosen ustez, Getxon ez dago kirol hori praktikatzeko behar beste gune publiko. Egoera aldatzeko, 2027an instalazio berriak sortzea proposatu du: batetik, altueran eskalatzeko rokodromo bat; eta, bestetik, boulder egiteko hainbat gune, hau da, altuera txikiko hormetan sokarik gabe eskalatzeko espazioak.

"Edonork eskalada praktikatzeko aukera izatea nahi dugu, instalazio pribatuetara joan edo kirol-abonu bat ordaindu behar izan barik", azaldu du Xabier Benito Elkarrekin Podemos Getxoko bozeramaileak.

Izan ere, Getxok hiru kiroldegi dituen arren, alderdiak eskaladarako eskaintza urria dela uste du, inguruko beste udalerri batzuetan gero eta instalazio gehiago dauden bitartean.

Dena den, herrian badira martxan jartzeko zain dauden beste proiektu batzuk. Esaterako, frontoien eraikina berritzen denean barruko rokodromo bat egitea aurreikusita dago. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Andra Marin jartzeko abiadura-eskaladako panelak laga zituen, baina 2024ko urtarriletik jarri barik daudela gogorarazi du alderdiak. Horregatik, lehenbailehen instalatzeko eskatu du, eta, konpromisoa betetzen ez bada, Udalak berak lanak bere gain hartzea proposatu du.

Non jarriko lirateke?

Hori ere herritarrek erabakitzea gura du Elkarrekin Podemosek. Alderdiak parte-hartze prozesu bat egitea proposatu du, auzoetan eskalada-guneak jartzeko lekurik egokienak aukeratzeko. Era berean, herriko kirol-elkarteen laguntza eskatu du, instalazioak diseinatzeko eta eskalada herritarren artean zabaltzeko.

"Kirola auzoetara hurbildu, espazio publikoak aprobetxatu eta herritarren eskaerei erantzun nahi diegu", nabarmendu du Benitok. Haren esanetan, eskalada ezagutzen dutenen iritzia kontuan hartuta, herritar guztientzako gune irisgarriak sortzea da asmoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun