EH Bilduk Getxon 25 etxebizitza turistiko inguruk araudia urratzen jarraitzen dutela salatu du

EH Bilduk Getxoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu die.

EH Bilduk duela sei hilabete hogei bat etxebizitza turistikoren irregulartasunak salatu zituen. Orain, egoera konpondu beharrean okerrera egin duela ohartarazi du; hau da, 21 etxebizitzak lizentzia izaten jarraitzen dute, udal-araudia bete ez arren, eta beste lauk gutxienez Interneten iragartzen jarraitzen dute, erregistro-zenbakia kendu dieten arren.

Ordutik, salatutako etxebizitzen datuak Getxoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkietela azaldu du Mikel Bildosola koalizioko bozeramaileak. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen duela eta, gainera, okerrera egin duela salatu du.

Bereziki larria iruditzen zaie erregistro-zenbakia kendu dieten etxebizitza batzuek Interneten iragartzen jarraitzea, baliogabetutako zenbaki horiek erabilita. EH Bilduren ustez, ez da nahikoa lizentziak kentzea edo espedienteak tramitatzea, gero etxebizitza horiek turistei alokatzen jarraitzeko aukera badute.

"Irregulartasunen berri badute, jardun egin behar dute"

Horregatik, Getxoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu die. EH Bilduk Udalari hirigintza-araudia betearaztea dagokiola gogorarazi du, eta Jaurlaritzari, ordea, etxebizitza turistikoen erregistroa kontrolatzea.

"Ezin dugu onartu erakundeak informazioa jaso eta espedienteak izapidetze hutsera mugatzea, bitartean etxebizitza turistiko horiek normaltasun osoz funtzionatzen jarraitzen dutenean", kritikatu du Bildosolak. Haren esanetan, erakundeek badituzte egoera zuzentzeko beharrezko informazioa eta tresnak.

Hori dela eta, araudia betetzen ez duten etxebizitzen lizentziak berrikusteko eta erregistro-zenbakia kendu dieten arren iragartzen jarraitzen dutenen aurka egiteko eskatu du EH Bilduk.

Koalizioak auzia ez dela turismoari buruzkoa bakarrik azpimarratu du, etxebizitza eskuratzeko aukerakaz eta auzoetako eguneroko bizitzagaz ere zerikusia duela. "Legezkotasuna ezin da etxebizitza ustiatzen duenaren borondatearen edo administrazioen pasibotasunaren menpe egon", dio Bildosolak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun