Getxok 'Vienen los marrones' podcastaren grabazioan egoteko izen-ematea ireki du

Laura Fontalba Colomo

Hitzordua abenduaren 15ean izango da Romo Kultur Etxean.

Migratzaileen Nazioarteko Egunaren esparruan, Getxo Antirrazista Udal Estrategiak antolatuta, Romo Kultur Etxeak Vienen los marrones podcastaren grabazioa hartuko du. Hitzordua abenduaren 15ean izango da, arrastiko 18:30ean, arrazakeriari, identitateari eta erresistentziari buruz mintzatzeko. 

Udalak aurreratu duenez, Vienen los marrones Gasteiz Antirrazistak sortu eta ekoitzitako podcasta da, eguneroko bizitzako arrazakeria, nortasuna eta erresistentzia jorratzen dituena. 

Abenduaren 15ean, Itzubaltzeta/Romon egingo duten saioan, Kinnari Ladron de Guevara nazioarteko eta arrazaz haraindiko adopzioaren arloko aktibistak, Mikel Henda arrazakeriaren aurkako ekintzaile eta filosofian doktoreak, Antonio Cunha eduki-sortzaile eta arrazakeriaren kontrako ekintzaileak eta Jeanne Rolande Dacougna Minkette ikertzaile, aholkulari eta arrazakeriaren aurkako aktibista feministak hartuko dute parte.

Ekitaldira joateko izena ematea beharrezkoa dela gogoratu dute, eta esteka honen bidez egin daiteke. Gainera, grabazioa YouTuben dohainik ikusi ahal izango dela ere adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun