Euriak eta haizeak gogor joko dute datozen orduetan. Egoera horren aurrean, Amaia Agirre Getxoko alkateak Krisi Mahaia deitu du, eta Udalak zein Udaltzaingoak beharrezko neurriak hartuko dituzte.
Euri iraunkorragatik ezarritako alerta laranjaz gain, haizeagatik ere abisu horia egongo da gaur, 12:00etatik gauerdira arte haizeguneetan, eta 12:00etatik 18:00etara gainerako eremuetan. Itsasoak ere zakar joko du; izan ere, 16:00etatik 18:00etara kostaldeko inpaktuagatik abisu horia egongo da indarrean.
Itsasertzetik urrun
Eguraldi kaskarra dela eta, Udalak kontu handiz ibiltzeko eskatu die herritarrei, batez ere kostaldean. Itsas pasealekuetara, labarretara eta kai-muturretara ez hurbiltzeko gomendatu du, baita itsasoan ez bainatzeko eta uretako kirolik ez egiteko ere.
Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen guneetara ez sartzeko eskatu du, baita olatuen argazkiak edo bideoak egiteko arriskurik ez hartzeko ere.
Larrialdiren bat izanez gero, herritarrek 112 zenbakira (SOS Deiak) edo Getxoko Udalaren Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora (94 466 02 02) deitu dezakete.