Gabonak ate joka ditugu, eta, horregaz batera, baita eskola-oporrak ere. Egun horietarako, Getxoko kirol-klubek askotariko jarduerak prestatu dituzte: futbola, saskibaloia, igeriketa, atletismoa, gimnasia erritmikoa, irristaketa, xakea, eskubaloia eta belar zein patin gaineko hockeya, besteak beste.
Eskaintza adin eta interes ezberdinetara egokitu dute. Esaterako, etxeko txikienek, 3 eta 5 urte bitartekoek, Getxo Gimnastika Klubak antolatutako Jolastxiki campusean parte hartu ahal izango dute, jolasen eta psikomotrizitate-jardueren bidez. Bestalde, Haszten elkarteak 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako kirol egokituko campus inklusiboa antolatu du Gobelan.
Campusetako batzuk abenduaren 23an hasiko dira, eta beste batzuk, hilaren 28an. Gehienak goizez egingo dituzte, eta prezioak, ordutegiak eta parte hartzeko adin-tarteak jardueraren arabera aldatuko dira.
Ekimenak helburu bikoitza du. Alde batetik, umeen eta gazteen artean kirola eta aisialdi osasungarria sustatzea, eta, aldi berean, eskola-oporretan familiei lana eta zaintza uztartzen laguntzea.
Interesdunek campus bakoitzaren inguruko informazio zehatza, prezioak eta antolatzaileen kontaktuak Getxo Kirolaken webgunean kontsulta ditzakete.