Mende bat baino gehiagoko organoaren doinuek girotuko dituzte Gabonak Algortan

Estilo erromantikoko organoa 1908an egin zuten, Parisko Merklin tailerretan.

Abenduaren 16an, 23an eta 30ean hiru kontzertu izango dira Algortako San Nikolas elizan, Gabonetako VI. Organo Zikloaren barruan. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte.

Haritz-egurrez egina, 1.500 hodi baino gehiago barruan eta 118 urteko historia bizkarrean. Algortako San Nikolas elizako Merklin organoa izango da, beste behin ere, Gabonetako protagonista. Haren doinuak herritarrei hurbiltzeko, Algortako Merklin Organoaren Lagunen Elkarteak (AMOMA) hiru kontzertu antolatu ditu abendurako.

Amelia Rodriguez sopranoak eta Pedro Guallar organo-jotzaileak emango diote hasiera zikloari, abenduaren 16an, eguaztenean.

Astebete geroago, hilaren 23an, musikak eta elkartasunak bat egingo dute Ahotsak eta Bihotzak kontzertuan. Xabier Agirre, Fernando Sangroniz, Joseba Soloeta eta Jose Antonio Urdiain abeslari algortarrek jardungo dute, Pedro Guallarrek lagunduta. Emanaldian bildutako diru guztia Venezuelako lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko erabiliko dute.

Azkenik, abenduaren 30ean, Maria Gonzalez sopranoak, Gorka Mardaras biola-jotzaileak eta Oscar Gonzalez organo-jotzaileak emango diote amaiera zikloari, Organo, kantu eta soka instrumentua emanaldiagaz.

1908tik Algortan

Estilo erromantikoko organoa 1908an egin zuten, Parisko Merklin tailerretan, eta Jose Antonio de Uriarte y Sustacharen dohaintzari esker ekarri zuten Algortara. Garai hartan, instrumentua instalatzeak 28.500 pezetako kostua izan zuen.

Mende bat baino gehiago igaro ostean, 2019an zaharberritu zuten, eliztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadari esker. Alejandro Turanzas organogileak hiru hauspoak eta horiek elikatzen dituen haizagailu elektrikoa berritu zituen, instrumentuaren doinuek urte luzez entzuten jarrai dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun