Azaroaren 26an egindako osoko bilkuran eman zuten horren berri, PPk irisgarritasuna hobetzeko aurkeztutako mozioa onartzeagaz batera. Eserlekuak jartzeaz gain, udal-eraikin guztiak irisgarriak izatea eta merkataritza-lokalak egokitzeko dirulaguntzak eskaintzea ere proposatu du alderdiak.
Etxebizitzaren arazoak ere izan zuen lekua atzoko bilkuran. EH Bilduk Getxo bizitegi-eremu tentsionatu izendatzeko aurkeztutako mozioa onartu zuten, testigantza-izaeragaz. Dena den, izendapena lortzeko, udalerriak horretarako ezarritako baldintzetakoren bat betetzen duen egiaztatu beharko da, datu eguneratuen bidez.
Bestalde, energia-komunitateak sustatzeko beste bi mozio onartu zituzten, bata EH Bilduk aurkeztutakoa eta bestea Elkarrekin Podemosek proposatu eta PSE-EEk bideratutakoa. Besteak beste, udal-eraikinetako teilatuak eta bestelako espazio publikoak energia berriztagarria sortzeko aprobetxatzea proposatu dute, baita herritarrek energia elkarregaz sortu eta kontsumitzeko aukerak zabaltzea ere.
Ia 3,4 milioi euro belaunaldiarteko zentrorako
Bilkuran jakinarazi zutenez, 3.392.710 euroko kreditua onartu dute Itzubaltzeta/Romoko belaunaldiarteko zentroaren eraikinerako eta ingurua urbanizatzeko beste lan batzuetarako.
Horrez gain, 225.566 euroko beste kreditu bat ere onartu dute, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei eguneko arreta eta gaueko ostatua eskaintzeko zerbitzurako.