#0KM - Berton bertokoa

Eva Kareaga: “Traketsak direla uste dutenak ere ohartzen dira eskuekin gauza politak egiteko gai direla”

Basa Keramika Algortako Torrene kalean dago

Hiru emakume sortzaileren ekimenez jaio zen Basa Keramika. Euskal Herriko Unibertsitatean zeramikako masterra egiten ari zirela ezagutu zuten elkar Eva Karegak, Paula Huartek eta Paula de Luisak.

Arkitektura, arte ederrak eta magisteritza ikasi zituzten hurrenez hurren, baina zeramikarekiko zaletasunak batu zituen. Hiru urte inguru emon zituzten proiektuari forma ematen eta lokal egoki baten bila, Algortan euren tailerra irekitzea lortu zuten arte. Eguberri hauetan urtebete beteko du negozioak.

Hiru sortzaileetatik bi algortakoak dira, hirugarrena, berriz, bilbotarra. Horregatik, hasieratik argi izan zuten proiektua herrian bertan garatu gura zutela: "Algortan zeramika-tailer oso gutxi zeudela ikusi genuen; gehienak Bilbon daude. Horregatik, herrian halako espazio bat sortzea ideia bikaina iruditu zitzaigun".

Hiru sortzaileek ikasketa desberdinak egin izanak proiektua aberasten duela azpimarratu du Kareagak. Magisteritza ikasi duen kideak saioen antolakuntzari eta pedagogiari egiten die ekarpena; Arte Ederrak ikasi dituenak, ostera, sormenari eta ikuspegi artistikoari. Elkarrizketatuak, arkitektura ikasi duenak, ikuspegi espaziala eta arkitektonikoa ematen die piezei. "Hiruron artean proiektu sendoagoa eta osoagoa osatzen dugu", adierazi du.

Jarduerei dagokienez, umeei zein helduei zuzendutako zeramika-ikastaroak eskaintzen dituzte, hastapenekoak nahiz maila aurreratuagokoak. Saio gehienetan buztina eskuz lantzen badute ere, tornuak ere badituzte. Ikasle bakoitzak askatasun osoa du bere proiektua garatzeko, eta prozesu osoan zehar laguntzen dituzte ikasleak: "Bakoitzak nahi duena egin dezake. Norbait ideiarik gabe etortzen bada, guk proposamenak egiten dizkiogu eta bidea erakusten diogu".

"Jende asko traketsa dela pentsatuz etortzen da, baina lanean hasten direnean, eskuekin gauza oso politak egiteko gai direla ohartzen dira"

Platerak, katiluak eta egunerokoan erabiltzeko bestelako etxeko tresnak sortzen dituzte batzuek; beste batzuek, barriz, eskulturak eta artelanak lantzen dituzte. Hiru aste inguru behar izaten dituzte pieza bat hutsetik sortu eta amaitzeko: piezak modelatze, lehortze, esmaltatze eta egosketa prozesuak igaro behar dituelako. Halaber, ez da beharrezkoa zeramikan aldez aurretiko esperientziarik izatea: "Jende asko traketsa dela pentsatuz etortzen da, baina lanean hasten direnean, eskuekin gauza oso politak egiteko gai direla ohartzen dira".

Astero antolatzen dituzten ohiko saioez gain, aste-akabuetan ikastaro monografikoak eskaintzen dituzte, astero bertaratzeko astirik ez dutenentzat. Bariku arrasti batzuetan ere "zeramika eta ardoa" izeneko saioak antolatzen dituzte. Horietan, aurretik egindako zeramikazko piezak apaintzen dituzte parte-hartzaileek, zerbait edaten duten bitartean. 

Bestalde, hiru sortzaileek euren ibilbide artistikoa garatzen jarraitzen dute, bai erakusketetan eta bai arte-deialdietan parte hartuz. Tailerrean bertan euren sorkuntzak erakusgai eta salgai dituzte, baita zeramikako masterrean ezagutu zuten lagun baten bitxiak ere. 

Harrera beroa

Hasiera-hasieratik oso harrera ona izan du Basa Keramikak herritarren artean. Kareagak dio erakusleiho zabalak jendearen arreta erakartzen duela, eta herritar asko begira geratzen direla. Bezero gehienak Algortakoak dira, baina Getxoko beste auzo batzuetatik, Berangotik eta Urduliztik ere hurbiltzen dira. Askotariko adinetako jendea bertaratzen den arren, emakume gazteak dira nagusi.

Etorkizunari begira, tailerra mantentzea eta sendotzea dute helburu hiru sortzaileek, bakoitzaren nortasun eta ibilbide artistikoa albo batera utzi gabe. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun