2011n egindako neurketa horren arabera, 2006tik aurrera euskarak %14,1 egin du gora kale erabileran; hala ere, datuak positiboak direla esan daitekeen arren, ezagutza eta erabileraren artean desoreka handia dagoela azaldu du Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak.
Udalerri honetako auzokideen %39,8 euskalduna da, %33,4 ia euskalduna eta %26,6 erdalduna. Guzti horien %13,44ren ama hizkuntza euskara da, baina etxean %9,36 egiten da soilik. Biztanleen %74,6ren ama hizkuntza, berriz, gaztelania da eta etxeetan %79,6k jotzen du hizkuntza horretara.
Adin taldeari dagokionez, haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak; haurrek nagusirik gabe daudenean %24,3 egiten dute euskaraz, eta nagusiak haurrik gabe daudenean %4,6. Nagusiak eta haurrak alkarregaz daudenean, aldiz, %40,7 egiten da euskaraz.
Irakaskuntzan, Gorlizko Ikastetxean haur guztiek euskaraz ikasten dute, bertokoek zein atzerritarrek. Lan munduari dagokionez, berriz, emaitzak 2012koak izan arren, gutxi gora behera establezimenduen %30ean euskara erabili daitekeela azaltzen du Euskara Planak. Kirol esparruan, haurrentzako eskaintza ia osoa euskarazkoa den arren, helduena gaztelaniazkoa da gehiena.
Euskarari bultzadatxo bat emateko, Gorlizko Udalak lau urtera begira (2014tik 2017ra bitartean, biak barne) plangintza estrategikoa onartu du, 16 puntu biltzen dituena: familia bidezko transmisioa; irakaskuntza; euskalduntze-alfabetatzea; administrazioa; gune geografiko euskaldunenak; arlo sozioekonomikoa; aisia eta kirola; liburugintza; kulturgintza; publizitatea; corpus-plangintza eta euskararen kalitatea; hedabideak; informazioaren eta komunikazioaren teknologia; sentsibilizazioa eta motibazioa; barruko proiekzioa; eta kanpoko proiekzioa.