Arantza Etxebarria alkateak sinatutako hainbat gutun helarazi zizkien etxebizitzen jabeei Udalak; horietan plaka frankistak kentzeko gomendioa eman zuen; “Udal honetan sufrimendua eta mina sor ditzaketen iraganeko garai politikoen edozein aztarna ezabatzeko interes berezia dago”. Halaber, auzotarren komunitateek ikurrak kentzeko zailtasunak izanez gero, Udalak lan horiek bere gain hartzeko prestasuna agertzen zuen. Hala, urtebete baino gehiagoren ostean, Gorlizko auzokideek, apurka-apurka, sinbologia frankista zeramaten ikur guztiak kendu dituzte, frankismoa kaletik ezabatzeko pauso berria emanez.
Francoren garaian derrigorrezkoa zen eraikitako etxebizitza guztietan plaka horiek ipintzea, administrazio frankistaren kontrolaren ikur legez. Era berean, horiek Francoren propaganda ofiziala errazten zuten.