Langabeziari aurre egiteko hainbat plan abiatu dituzte Gorlizen

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 24a, 11:18

Krisialdi ekonomikoa bizi dugun garaiotan, Gorlizko Udalak tokiko enplegua sustatzeko apustua egin du azken urteotan.  Udalerriko langabezia tasa %12,99koa da, 2014ko datuen arabera; hau da, 5.695 biztanleko herri horrek 386 langabetu ditu. 2013ko datuakaz alderatuta, langabezia-tasa apur bat  murriztu da, urte horretan zenbakiak %13,08ra heldu baitziren.

Martxan jarritako neurrien artean, Gorlizlan izeneko plana azpimarratu beharra dago. Horregaz, enpresei herriko auzotarrak kontratatzeko diru-laguntzak eman zizkieten. Halaber, auzotar ekintzaileak diruz laguntzeko erabili zuten aipatutako programa. Guztira 60.000 euro bideratu zituzten plan horretara.

Horrez gainera, Udalak zazpi lagun kontratatu ditu udalerrian martxan jarri diren hainbat obratan: behargin bat, Uresarantzako bidearen bihurgunea moldatzeko lanetarako; hiru langile, San Jose auzoko obretarako, eta beste hiru behargin, Iturgitxi kalekoetarako. Era berean, legegintzaldi honetan Enplegu Publikoaren Eskaintza bi egin dituzte, udaltzain-plaza bat betetzeko eta brigadaren nagusia izateko.

Azken lau urteotan Udalak, guztira, 120 gorliztar kontratatu ditu aldi baterako. Jakinarazi dutenez, gainera, neurri horregaz ia 40.000 euro aurreztu dituzte, aparteko orduak egin beharrean, behin-behineko kontratuak eta ordezkapenak egin dituztelako.

Udalak antolatutako ekimen horiez gain, Eusko Jaurlaritzak berraktibaziorako martxan jarritako beste programa bategaz langabezian zeuden udalerriko zortzi lagun kontratatu dituzte, brigadan lan egiteko.
Guztira, udalerrian mila lagun baino gehiago kontratatu zituzten 2013an; iaz, berriz 993 kontratu zituzten, arlo pribatuan eta publikoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun