Gorlizko Independente Taldeak eta EH Bildu koalizioak "Gorlizko Udalbatzaren funtzionamenduari buruzko hitzarmena" izeneko testua sinatu zuten pasa den ostegunean. Akordioan, Gobernu Batzordea, Udal Lan Batzordeak eta Uribe Kostako Mankomunitatean Gorlizi dagokion ordezkaritza banatzea jaso dute. Gauzak horrela, gaur eguerdian, EH Bilduk (3 zinegotzi) babes lezake Mari Carmen Basabe (GIT, 4 zinegotzi), alkate izan eta agirian jasotako neurriak bete ditzan. EH Bilduk atzo iluntzean izan zuen asanblada Sertutxenan, baina ostean ez du erabakitakoaren berri eman. EAJk irabazi zituen hauteskundeak, 6 zinegotzi eskuratuta, baina beste bi indarrek uka diezaiokete alkatetza, gehiengo osoa osa baitezakete. Sinatutako agiria Gorlizko EAJri ere eskaini zion EH Bilduk baina jeltzaleek ez zuten sinatu.