Gorlizko ospitalearen Errehabilitazio Neurologikoaren Sailaren itxiera salatu du ELAk

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 8a, 11:00

Gorlizko ospitalea.

Gorlizko ospitalearen Errehabilitazio Neurologikoaren Saila hiru hilabeteko itxiera salatu zuen atzo ELA sindikatuak; eremu horretan garun-mina duten 30 gaixo artatzen dituzte. Sindikatuaren arabera, solairu hori ixtea “Administrazioaren murrizte politikaren beste ondorio bat da”. Osakidetzak, bere aldetik, ihardetsi zuenez, “enegarren aldiz, ELA sindikatuak agerian utzi du Euskadiko zerbitzu publikoei eta berauen profesionalei izen ona kentzea dela bere xede bakarra”.

Errehabilitazio Neurologikoaren Saila ekainaren 26an itxi zuten, eta irailaren 30era arte egongo da itxita, “gutxienez”, sindikatuak iragarri duenez. Izan ere, ELAk bere kezka adierazi du, “ospitaleko zuzendaritzak ez baitu hitz eman urriaren 1ean berriz irekiko duenik”. Horren aurrean, Osakidetzak “aldez aurretik programaturiko itxiera baino ez” dela baieztatu du; era berean, “behin behineko” itxiera hori “egiturazko hobekuntzak egiteko” baliatuko dutela iragarri dute. Hala ere, sindikatuak bere kezka azpimarratu du ez dagoela berrirekitzeko “konpromisorik”, eta 2013an gertatutakoa errepikatzearen beldur da, “zerbitzua zazpi hilabetez itxita egon zen”.

“Itxierak pazienteei eskaintzen zaien arretaren kalitateari kalte egingo dio, ospitalean irekita dauden beste solairuetara pasatuko direlarik”, gaineratu du ELAk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun