Gorlizko Ikastetxeak garrantzi nabarmena izango du aurten; izan ere, aurrekontuen 190.000 euro bideratuko dituzte azpiegitura hori hobetzeko. Hala, patioa ixteko lanetarako 140.000 euro, eta gainerakoa bestelako konponketa-obra batzuetarako erabiliko dute. Hirigintza Sailak, berriz, 320.700 euroko kontu-saila izango du, iaz baino %15,88 gutxiago, "baina azpiegiturak hobetzen jarraitzeko ahalbidetuko duena", Ekonomia Saileko arduradunaren berbetan. Halaber, 44.000 euro bideratuko dituzte HAPOaren berrikusketarako, besteak beste.
Aurreikusitako bestelako proiektuen artean, euskara promozionatzeko eta kultura-jarduerak bultzatzeko 88.950 euro erabiliko dituzte. Berdintasun Sailak 15.000 euro jasoko ditu, eta legealdi berrian sortutako Gardentasuna eta Herritarren Parte-hartze Sailak 10.000 euro izango ditu. Azkenik, familia behartsuenek Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko laguntzak izango dituzte, beste urtebetez.