Maddi Aalla: "Nire Mundial bakarra, azkena, izan daiteke"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko eka. 26a, 10:00
Maddi Aalla, Gorlizen.

Maddi Aalla Rotaetxe (Plentzia, 1997) 19 urteko eskubaloi-atezain gorliztarrak Munduko Txapelketa jokatuko du uztail hasieran, Errusian. Urdulizko klubean hazi, eta Barakaldoko Zuazo taldean dabil orain.

Zuazok fitxa berritu zizun pasa den astean. Pozik zaude?

Oso pozik! Taldea Ohorezko Mailan dago; urtez urte mailaz maila igo gara. Asko ikasten nabil bertan; gainera, ondoan Mertxe Castellanos daukat: eskarmentu handiko atezain aparta. Mertxek asko irakatsi dit. Liga horretan egotea eta lehenengo postuengatik borrokatzea esperientzia izugarria da.

Ligan 6., eta Kopan txapeldunordeak.

Oso ondo hasi ginen Ligan, izan dugu hobeto sailkatzeko aukera, baina azkenean nabaritu izan dugu denboraldi-amaieraren nekea. Kopako esperientzia, ostera, ahaztezina izan zen. Denok disfrutatu genuen, izugarri. Bai batean, bai bestean, oso pozik geratu naiz.

Lehenengo aldiz izan zara denboraldi osoan Ohorezko Mailan.

Bai, pasa den urtean, gazte-kategorian nenbilela, Ohorezkoakaz entrenatzera igo nintzen, eta partidaren bat ere jokatu nuen. Baina, ofizialki, hau izan da nire lehenengo denboraldia.

Zelan moldatu zara?

Gazteakaz baino askoz gogorragoa eta zorrotzagoa izan da; entrenamenduak luzeagoak dira, biziagoak, eta gehiagotan entrenatzen dugu. Partidetan ezin zara lasaitu, taulako azken taldeak ere ezustekoa eman dezakeelako. Halandaze, beti erne egon beharra duzu. Erregulartasunez jokatu behar duzu.

Zelan dator hurrengo denboraldia?

Ni gogo handiz harrapatuko nau. Gainera, talde indartsua daukagu, eta egin ditugun fitxaketa berriakaz liga polita egin dezakegulakoan nago, aurtengoa baino hobea. Hurrengo denboraldian asko disfrutatu ahal izango dugu.

Espainiako gazte-selekzioak baieztatu dizu Mundialera zoazela.

Bai. Nire mundial bakarra eta azkenengoa izan daiteke, eta taldekide denek legez, gogo handia dut jokatzeko eta zeregin ona egiteko. Izan ere, iazko Europako txapelketan, arantzaren bat gelditu zitzaigun. Ahal badugu, zelaira atera eta iazko zortzigarren postua hobetzea nahiko genuke.

Argentina, Egipto, Alemania, Errumania eta Kazakhstan dituzue taldean.

Lehenengo helburua talde-faseari aurre egitea da; uste dut ondo jokatzen badugu lor dezakegula, arerio horietako batzuk gogorrak izan arren, beste batzuk ez direlako horrenbestekoak. Gero, borrokatzen segituko dugu.

Euskal Selekzioan ere ibili zara. Horrek nahiko partida jokatzen du?

Ez. Beheko kategorietan nenbilenean, neguan batzen ginen; oporretan, txapelketa geneukan, eta prestatzen ginen; askoz dinamikoagoa zen. Selekzio nagusiari ez zaio ematen garrantzi handirik. Jokalari batzuk Ohorezko Mailan egotea ere arazoa izan daiteke, zailagoa baita denak batzea. Halere, protagonismo gehiago eman beharko liokete.

Erakundeek gehiago konprometitu beharko lukete?

Bai, duda barik.

Eskubaloi bera sustatzen da?

Ez, oso gutxi. Kirol bi dira protagonistak: saskibaloia, eta, batez ere, futbola. Eskubaloiari ez zaio inolako garrantzirik ematen, eta emakumeenari, askoz gutxiago. Apurka-apurka indarra hartzen dabil, maila hobetzeagaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun