Beste langile bat kontratatu ostean, Sertutxena zabalik jarraituko du

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 12:49

Sertutxena eraikina. © KZ GUNEA

Sertutxena eraikinak ateak itxi behar izan zituen hilaren hasieran. Hala ere, hilaren 15ean Turismo Bulegoan udarako pertsona bat kontratatu eta langile horren lan-ordutegian eraikina zabalik mantenduko dute.

Jose Antonio Martinez Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, bertan Turismo Bulegoa eta kulturaren egoitza dago. "Jendeari arreta eta irekiera eta itxiera lanak Turismoko langileek egiten dituzte", azaldu du zinegotziak. Udalak, beste Administrazio Publikoak bezala, Espainiar Gobernuak agintzen dituen kontratazio arauak bete behar ditu, eta "horiek argi mugatzen dute Enplegu Publikoaren Eskaintzaren bitartez ezin dela kontraturik egin".

Orain dela gutxira arte egoera hori sei hilabeteko kontratuen bitartez konpontzen zutela jakinarazi du Martinezek, "baina, Europar Justizia Epaitegiak erabaki zuen behin betiko diren lanpostuak ezin direla behin-behineko kontratuekin bete". Hori dela eta, kontratu horiek bukatzen joan ahala ezin izan dituzte langile horiek ordezkatu. Sertutxenaren kasuan, urtarriletik turismo-teknikariak baino ez zuen bertan lan egiten. Hilaren 5ean, horrek jendaurreko arreta ezin zuenez egin, eraikina goizetan ixtea erabaki zuten. Halere, hilaren 15ean Turismo Bulegoan udarako pertsona bat kontratatu zuten; hala, "langile honen lan-ordutegian, Sertutxena irekita egongo da", azaldu du Martinezek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun