Gero eta jende gehiago ikus daiteke udalerrian martxa nordikoa praktikatzen, aurrera eta atzera, gora eta behera. Kirol-mota horren zaleak areagotu egin dira azken urteotan Gorlizen; hori dela eta, horiek denak batzeko Martxa Nordikoaren Nazioarteko Eguna egingo dute zapatuan, hilaren 27an. Hala, hainbat ekimen antolatuko dituzte egun horretan.
Goizeko 11:00etan prestakuntza-tailerrak egingo dituzte, hondartzako informazio-puntuaren ondoan. Ordubete beranduago, 12:00etan, martxa bat egingo dute. Ibilbidea 5 kilometrokoa izango da, eta ordubete inguru iraungo du, gutxi gorabehera.
Ekimen horietakoren batean parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du; doakoa da. Hala ere, ikastaroan ia ez dago lekurik, horregatik, arin ibiltzeko gomendatu dute antolatzaileek; ostera, ibilaldirako, oraindino lekua egon badago.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.