Gorlizko Mendibike Martxa egingo dute domekan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 18a, 17:25

Iazko martxaren irudi bat. © JON FURUN - MENDIBIKE ELKARTEA

Irailaren 24an, domekan, Gorlizko Mendibike Martxa antolatuko du Mendibike Elkarteak, 26. aldiz. Proba nagusian parte hartzea ziurtatzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, hemen bete daiteke inskripzio-fitxa, Internetez, eguazteneko 23:00ak arte.

Interesdunek 17 edo 20 euro ordaindu beharko dute, federatuta dauden edo ez kontuan hartuta. Gehienez jota, 500 txirrindulari onartuko dituzte antolatzaileek. Kopuru hori beteko ez balitz, probaren egunean ere inskripzioa egin ahal izango litzateke, 23 euro ordainduta. Gazteak eta umeak zuzenean kiroldegian bete beharko dute inskripzioa, martxaren egunean, 09:00etatik 10:00etara; edo bezperan, 10:30etik 13:30era. Ume eta gazteek 7 euro ordaindu beharko dituzte federatuta badaude; 3 euro gehiago, ez badaude.

Probaren ezaugarriak

Gorlizko MTB Mendibike Martxa goizeko 09:00etan hasiko da, nagusien martxagaz. Irteera, ohi legez, Gorlizko kirol instalazioetatik egingo dute. Probak ibilbide bi izango ditu. Laburrenean, txirrindulariek 28 kilometro bete beharko dituzte; desnibela 1.100 metrokoa izango da; zailtasun fisiko eta teknikoa ertaina izango da eta anoagune bi izango dira, likido eta solidoak biak. Ibilbide luzean, ordea, distantzia 45 kilometrokoa izango da; desnibela, 1.500 metrokoa; eta zailtasuna, ertain-altua.

Martxa nagusiagaz batera, Mendibike elkarteak beste proba bi antolatu ditu, gazteentzat eta txikientzat. 4 eta 11 urte bitarteko neska-mutil txikiek kiroldegira joko dute, bertan bost bat kilometroko ibilbidea egiteko, goizeko 10:30etik aurrera. Gurasoek lagundu ahal izango dituzte, oinez edo bizikletaz. Ibilbidea bukatuta, ginkana izango dute atletismo-pistan, zenbait oztopogaz.

Euren aldetik, 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak aurretik hasiko dira, 10:00etan. Horiek 15 kilometroko ibilbidea egingo dute Gorlizen inguruan, 500 metroko desnibelagaz, elkarteko jagoleek lagunduta. Kasu horretan ere, gurasoek lagundu ahal izango dituzte, bizikletaz. Parte hartzaileek gutxieneko eskarmentua izan beharko dute mendibiken, tarte batzuk zailtasun apur bat izango baitute. Antolatzaileek hainbat opari egingo diete parte hartuko duten umeei eta gazteei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun