Gabi de la Mazak jaso du Argiako Internet Saria

Argia.eus 2018ko urt. 29a, 10:53

Gabi de la Maza. cc-by DANI BLANCO

2.000 abesti baino gehiago "karaokeatu" eta denon eskura ipintzeagatik jaso du Gabi de la Maza gorliztarrak Interneten egindako lan onenaren Argia Saria.

Jaso dezala eskua Youtuben Txantxangorriaren karaokerako euskal kantaren bat sekula erabili ez duenak. Gure euskal mundu honetan inor gutxi topatuko dugu. 2.200dik gora abesti azpidatzi ditu. Baina nola hasten da norbait horrelako lana hartzen?

37 urtez irakasle aritu da Gabi de la Maza, orain hiruzpalau hilabete erretiratu da, eta berak kontatzen du ondoen Txantxangorriaren ibilbidea: "Euskal Girotze Barnetegiak antolatzen hasi zen Hezkuntza Saila B ereduko nerabeak eskolaz kanpo modu informalean euskarara gerturatzeko. Astebeteko barnetegi hauetara gure ikasleekin joaten ginen, eta euskal musika zen nire tresna garrantzitsuenetako bat. Youtube sortu aurretik hasi nintzen abestiak 'karaokeatzen', baina 2008tik aurrera hasi nintzen Youtube-ra igotzen".

Hamar urte hauetan euskal kantagintzako abesti historikoetatik hasi eta azken berrikuntzetaraino jarri ditu azpidatzita denon eskura.

Gabi de la Mazak ez zuen berehalakoan pentsatuko, ikasleak motibatzeko material hau sortzen hasi zenean, 2017an euskaraz gehien bisitatu den kanala izango zenik!

Argiak argitaratutako artikulua, CC-by-sa lizentziari esker HIRUKAra ekarria

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun