Iazko maiatzean, ostalaritzako hiru konpainia seinalatu zituzten ELAk eta LABek: Eurest Euskadi, Sodexo eta Serunion Norte. Hiru horiek dira ostalaritzaren sektore-arteko esparru-akordioa betetzen ez duten enpresa bakarrak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kontratazio berrietan, Espainiako sukaldaritza-hitzarmeneko baldintzak ezartzen dituzte, tokian tokiko lurralde itunekoak beharrean. Ondorioetako bat da enpresa berean behargin berriek zaharren soldata ia erdia kobratzen dutela, eta urtean 50 ordu gehiago lan egiten dutela.
2017ko urtarrilean, ELA eta LAB sindikatuek Ostalaritzaren Euskal Federazioagaz batera sinatu zuten EAEko Ostalaritzaren esparru-akordioa. Itun horren helburua da lurralde bakoitzeko ostalaritza-hitzarmenen baldintzak bermatzea sektoreko langile guztiei. Izan ere, lurralde bakoitzeko hitzarmenen eraginpean zeuden, harik eta iazko martxoan Espainiako Sukaldaritza Kolektiboko Lan Hitzarmena argitaratu zen arte: FEADRS patronalak eta CCOOk eta UGTk sinatu zuten.