Zortzigarrenez, indaba-lehiaketak berotuko du udalerria hilaren 24an. Bertan, "ohiko indabak" kozinatu ahal izango dira, "ahal bada Gernikakoa edo tolosarra". Hala, ezin izango dira indaba zuriak eta verdina motakoak erabili. Ostera, ohiko osagarriak onartuta egongo dira, hala nola txorizoa, odolostea, urdaiazpikoa eta saiheskia.
Lehiaketa goizeko 08:00etan hasiko da, Itsasbide kalean. Hala ere, antolatzaileek ohartarazi dute ezin izango direla espaloiak erabili. Aldez aurretik izena eman ez dutenek, zapatu horretan bertan izango dute horretarako aukera, 10:30etik 11:30era. Parte-hartzaile denek 5 euro ordaindu beharko dute.
Parte-hartzaile denek beharrezkoa duten material dena eraman beharko dute: gas-sutea, putxera, mahaiak, aulkiak... Putxeren aurkezpena 13:30ean egin beharko da.