Gorlizko triatloia maiatzaren 6an egingo dute, federazioaren parte-hartze barik

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 23a, 13:42
Gorlizko Badiaren Triatloiko artxiboko irudia. © EUSKADIKO TRIATLOI FEDERAZIOA

Gorlizko Badiaren XII. Triatloia datorren maiatzaren 6an, egingo da, domekan, esprint-modalitatean. Lasterketak ez du izango Euskadiko Triatloi Federazioaren babesa; epaile barik jokatuko da, Euskadiko Triatloi Zirkuitutik kanpo.

Gorlizko Badiaren XII. Triatloia bere historian lehenengo aldiz ez da puntuagarria izango Euskadiko Triatloi Zirkuiturako. Ekimena Urdaibai Motrivation Triatloi Taldeak eta IA Sport Event enpresak antolatu dute, aurretik bertan behera geratuko zela iragarri ondoren.

Izan ere, eztabaida luzea izan da federazioaren eta hainbat probatako antolatzaileen artean. Joan den martxoaren 25ean, Durango duatloia jokatu baino lehen, triatleta batzuek manifestu bat irakurri zuten, federazioari eskatzeko ahalegina egin zezan, “odoljarioa eten” eta hainbat proba aurtengo egutegitik ez desagertzeko. Aurretik, Federazioak egitarau ofizialetik ezabatu zituen “Euskal herriko ia duatloi denak”, zortzi, eta hiru triatloi, tartean Gorlizkoa, kirolariek salatu zutenez. 11 proba horiek galtzearen ondorioz, euren “haserrea” eta “desadostasuna” ere agertu zituzten.

Probak egiteko arazoak

Euskadiko Triatloi Federazioaren aldetik, Agustín Méndez presidenteak Txirrindularitza Federazioari eta Trafiko Zuzendaritzari leporatu die arazoetako zati handi bat. Izan ere, aste-akabuetan txirrindularitzako lau proba besterik ez du egiten uzten Ertzaintzak. Segurtasun Sailak eskatzen die federazio biei ados ipini eta datak banatzeko, baina Méndezen ustean hori “ezinezkoa” da. Hala, horren aurrean Trafikok antzinakotasunaren alde egin izan du eta, hortaz, duatloi- eta triatloi-probak beti galtzaile atera dira. Urtero, Eusko Jaurlaritza urtarrilean ahalegintzen da finkatzen errepideak oztopa dezaketen kirol-proben urte osoko egitaraua.

Bestalde, Javier Berasategui federazioaren delegatu teknikoak leundu egin du hainbat probaren desagerpena: “Proba batzuk badoaz eta beste batzuk badatoz”. Horren adibidea da joan den zapatuan estreinatu zen Erandioko Esprint Duatloia; Zornotzakoagaz batera egitarauaren berritasun bakarra da.  Halere, epe ertainean egoera okerrera joango dela uste du Berasateguik: “Badakit datorren urtean proba gehiago eroriko direla. Antolatzaileek esan didate; euretako asko nekatuta daude. Belaunaldi-erreleboa behar da”.

Ostera, Urdaitri Motrivation Triatloi Taldeak azaldu duenez, duatloi eta triatloien mundua “apur bat nahasita” dago. Hala, “gure kirola hiltzea gura ez dugunez, pauso bat gehiago eman eta aurrera segitzea” erabaki zuten, proba euren kabuz antolatu eta aurrera ateratzen, Federazioari bizkarra emanda.
Berbarako, Federazioaren epaileen ordez, Urdaibai Motrivationeko kideek zainduko dute proba, baina ezin izango dute txartelak erakutsi ezta zigorrik ipini ere. IA Sport Event enpresako kideek ez dute inolako arazorik aurreikusten, Getxoko Santander Series proban eta Espainiako hainbat triatloitan horrela egiten dutelako: “triatletek arauak jakin badakizkite: zelan ibili behar diren bizikletakaz, ezin dituztela egokitzapenak erabili, ondo baino hobeto ezagutzen dute behar duten materiala… ez dugu inolako arazorik ikusten”.

Bestalde, kirol-erakundearengandik urrundu izanak zabaldu die parte-hartzeko aukera hainbat kirolzaleri, aurreko edizioetan erabili ziren Federazioaren arauek debekatzen baitute kirolari ez federatuek inskribatu ahal izatea. Hala, antolatzaileek egun bateko segurua egingo dute federazio-lizentziarik ez duten parte-hartzaileentzat eta horren kostea izen-ematean kobratuko dute. IA Sport Event enpresak kritikatu zuen aurretik euskal federazioaren jarrera: “Zer gertatzen da triatloia probatu gura duten ez federatuakaz? Ez dago probarik jende horrek korrika egin ahal dezan, kirol hori gustuko duten ikusteko. Eta, beste aldetik, badaude denboraldian triatloi bat edo bi egin gura dutenak, baina federatzeko fitxa ordaindu nahi ez dutenak, dirutza delako eta errentagarria ez zaielako suertatzen. Zer gertatzen da jende horregaz?”.

Gorlizko Badiaren zirkuitua

Proba goizeko 10:00etan hasiko da, Gorlizko hondartzan. Ordu horretan gizonezkoen irteera emango dute, eta bost minutu beranduago, emakumezkoena. Hala, ohiko ordutegiak aldatuko dituzte, Espainiako Triatloi Federazioak erabilitako azken irizpideen arabera. Hala, emakumeek lasaiago jarduteko aukera izango dute, gizonezkoek haiek harrapatu eta aurreratu barik. Parte-hartzaileek, ostera, ohiko distantzietan lehiatuko dira: 750 metro bete behar izango dituzte Gorlizko Badian ipinitako lau buiaren inguruan igeri egiten. Ondoren, 23.100 metroko txirrindularitza-zirkuituari bira bat eman behar izango diote. Txirrindulariek Gorlizko hondartzako parkingetik atera eta Plentzia, Urduliz, Gatika eta Lemoiz zeharkatuko dituzte, Gorlizera bueltatu aurretik. Tartean Andraka eta Orabille gainetarara igoko dira. Hala, zirkuitu apurtzaile horrek lasterketa baldintza dezake. Azkenik, hondartzako zirkuituan 2.500 metroko bira bi emango dituzte, korrika triatloilariek. Sari-emanaldia 12:30ean egingo dute.

Interesdunek izena eman dezakete Rockthesport.com webgunean, apirilaren 30eko 24:00ak arte, edo antolatzaileek finkatu dituzten 550 dortsalak agortu arte. Federatuek 29,02 euro ordaindu behar izango dute eta federatuta ez daudenek, 34,20 euro. Gainera, txip horia ez dutenek beste euro bi gehiago ipini beharko dituzte. Daborduko, 300 baino gehiago dira inskripzioa bete direnak. Dortsalak aurreko egunean batu ahal izango dira hondartzako parkingean, 18:00etatik 20:00etara. Triatloiaren egunean ere banatuko dituzte, 08:00etatik 09:30era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun