Eraikin horren erabileraren kontzesioa amaitutzat eman du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, 2013ko otsailaren 25eko ministro-aginduaren bidez. 1944ko azaroaren 17ko ministro-aginduak baimentzen zuen Gorlizko hondartzan piknik-gunea ipintzea, erabilera publikoko lursail eta itsaso eta lehorraren arteko jabarian.
Ministerioak agindua eman dio Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari kontzesio horren itzultze-akta egiteko eta eraikina botatzea, ahalik eta lasterren.
Proiektuaren helburua da 500 metro koadro inguruko eremu hondartsua berreskuratzea. Beraz, eraikin osoa botako dute (taberna-jantokia, sukaldea, komunak eta goiko terraza). Horregaz batera, kenduko dituzte hormigoizko zabalgunea, perimetro-paretagaz eta zimendu-betegarriagaz; eta sareetatik eraikinera doan zabalgunea.
Hasteko, inguruko harea bahetuko dute, eremua egokitu ahal izateko eta material antropikoa kentzeko. Horren helburua da barnealdean duna-formazioa sortzea. Horretarako, harea egonkortuko da, kaptoreak kokatuko dira, duna-espezieak landatuko dira eta ingurua hesituko dute, egurra eta sokagaz.
Obra-lanen hasiera data ez dute zehaztu, baina, hiru hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute, 64.305 euroko aurrekontuagaz.