TAO sistemaren kontrako protesta egin dute Gorlizen

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 1a, 09:05

Gaur, ekainaren 1ean, hasi da martxan TAO sistema Gorlizen.

Gorlizko Udalak TAO sistema berria zelan ezarri duen salatu zuten atzo dozenaka auzokidek. Deitoratu dutenez, "gardentasun, komunikazio eta efizientzia eskasagaz" garatu dute agintariek udal-ordenantza berria, eta horrek ezinegona eragin du auzokide askoren artean.

Protestan egondakoek azaldu dute arazoa ez dela TAOren tasa bera, baizik eta sistema berria ezartzeko Udalak egin duen kudeaketa baizik, auzokideak behar bezala informatu ez dituelakoan. Hori dela eta, atzoko protestaldiaz gainera, bigarren bat deitu dute martitzenerako, hilaren 5erako, 20:00etan udaletxearen aurrean.

Protesten harira, joan den eguazteneko osoko bilkuran Arantza Etxebarria Gorlizko alkateak aitortu zuen ordenantza ez dagoela osatuta eta horren egituraketan udalerriko zati handi bat kontutan hartu ez dutela. "Ordenantza ez da perfektua, baina bizirik dago eta aldaketak egin daitezke horretan", ziurtatu zuen alkateak. Hala ere, azaldu zuen ordenantza joan den urteko martxoan onartu zela, eta ordutik ez zela inolako alegaziorik aurkeztu.

TAO sistema berria gaur jarri dute martxan, udalerri osoan, eta irailaren akabura arte egongo da indarrean. Gorlizen erroldatuta daudenek ez dute ordaindu behar izango autoak udalerriko kaleetan aparkatzeagatik, baina bai hondartzetako aparkalekuetan, horiek biak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan kokatuta daudelako eta hala ezarri duelako Itsasertz Mugarteak. Tarifei dagokienez, kanpotarrek gehienek 4,5 euro ordaindu behar izango dute gune urdina duten 32 kaleetako batean autoa lau orduz aparkatzeagatik; gune berdean, aldiz, egun erdiko txartela bost euroan eskuratu ahal izango da, eta egun osokoa zortzi euroan.

TAO zerbitzua goizeko 09:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, asteko zazpi egunetan. Horren harira, Gorlizko EH Bilduk zalantzak agertu ditu, ez duelako uste "benetan beharrezkoa" denik egun denetan eta ordutegi horretan sistema hori martxan edukitzea herri osoan. "Ekainean eta irailean, adibidez, ez da aparkatzeko arazorik egoten udalerrian, eta sistema honek arazoak sortuko dizkie Gorlizera lanera datozenei", adierazi du Gabi de la Maza koalizio abertzaleko zinegotziak.

Gorlizen erroldatuta ez baina bertan etxe baten OHZ ordaintzen dutenek edo bertan alokairu-kontratua dutenek TAO-guneetan aparkatzeko bonuak eskatu ahal izango dutela iragarri du Udalak. Horretarako, azken horiek alokatzailearen OHZren ordainagiria aurkeztu behar izango dute. Kasu horietan, lehenengo autoagatik 30 euro ordaindu beharko dituzte interesatuek, eta bigarrenagatik, aldiz, beste 50 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun