Orain arteko Umore Gauak eta Dastatu Gorliz ekimenak batu egin dituzte, gastronomia eta artea barnebilduko dituen jaialdi bakarra osatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, gastronomia eta artea oinarri izango dituzten askotariko jarduerez betetako menua prestatuko dute uztailaren 6tik 8ra bitartean. Pintxo-lehiaketak, antzerki-gauak, hainbat jatetxetan plater bereziak, erakusketak, gastronomia-tailerrak, dantza-erakustaldiak, dastaketak eta artea izango dira nagusi Gorlizen. Ekintza gehienak doakoak izango dira, eta gura duen edonor hurbildu ahal izango da horiez gozatzera. Hala ere, horien arteko hainbatetan izena ematea beharrezkoa izango da, antolatzaileek jakinarazi dutenez; horrez gainera, baten batean parte hartu ahal izateko, zenbateko txiki bat ordaindu beharko da, berbarako Tito Blasen artisau-garagardoen fabrikara bisita egiteko, itsaski-risottoa prestatzen ikasteko edo showcooking saioan parte hartzeko, edo Bizkaiko hiru txakolin dastatzeko ekitaldiaz gozatzeko. Azken hori espainiar Estatuko sommelier txapelduna den Jon Andoni Rementeriak gidatutako du.
Askotariko erakusketek abiaraziko dute jaialdia: lehenengoa, Sorginen Alabak talde feministaren Gorputzak lana izango da, Sertutxena kultur etxean, aste-akabu osoan, goizez eta arrastiz; horrez gainera, hurrengo erakusketa hauek ere ikusi ahal izango dira: Jose Luis Manzanet-en Pintura obra, Eloisa Artaza kaleko erakusgelan, 19:00etatik 21:00etara; Gorlizko ikastetxearen Itsasargia artelana, San Pedro plazan, bariku arrastian eta zapatuan goizean; joskintza-erakusketa, San Pedro plazan, zapatu arrastian; eta Gorlizko Pintura Taldearena, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan, domekan, 12:00etatik 14:00etara.
Bestalde, beste hamaika jarduera ere egongo dira aukeran, adin denentzat; esaterako Artegunea eta Gastrogunea ipiniko dituzte, San Pedro plazaren inguruetan, barikuan 18:30etik 21:30era, eta zapatuan, 11:30etik 15:30era eta 18:30etik 21:30era. Modu berean, aste-akabu osoan, pintxo-lehiaketa antolatuko dute; euro batean salduko dituzte hurrengo taberna hauetan: Portalena, Argintxe, New Tavern, Okela, Olaxka, Jubis Gorliz jatetxea, Txispas, Malluki, Iberre, Lighthouse, Tsunami eta Bizarreta. Gainera, jaialdiaren egunetan, plater bereziak eskainiko dituzte Okela, Xurrut, Txokoetxe, Jubis Gorliz, Bizarreta eta Begoña tabernek eta jatetxeek.
Egitaraua
Uztailak 6, barikua
- 18:00 Krepeen tailerra eta dastaketa, Ibarreta plazan. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
- 19:00 Jaialdiaren aurkezpena, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan.
- 20:00 Taloen tailerra eta salmenta. Aldez aurretik izena emateko beharra dago.
- 20:30 Ardo-dastaketa musikatua, tabernaz taberna. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da; 5 euro.
- 20:30 Trikiti- eta pandero-saioa, Itsasbiden.
- 22:00 Ez dok hiru antzerki musikatua, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan.
Uztailak 7, zapatua
- 10:30 Mindfull eating-a, gorputzaren pertzepzio eta janariarekiko antsietatea kontrolatzeko, pinudian. Izen-ematea, beharrezkoa.
- 11:30 Artisau-garagardoen fabrikara bisita, Sagastikoetxe poligonoan. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da; 3 euro.
- 12:00 Food & Art horma-irudia, arte (zuhaitz) ezagunaren ondoan.
- 12:30-14:30 Fruta-plater artistikoak, Olatz Bilbaoren eskumenez, Ibarreta plazan.
- 13:00 Gitarra-ikuskizuna, Itsasbiden.
- 14:00 Itsaski-risottoa prestatzeko erakustaldia eta txakolin dastaketa, San Pedro plazan. Aldez aurretik izena eman beharrezkoa da; 2 euro.
- 18:00 Hiri-ortua sortzeko tailerra, Ibarreta plazan. Aldez aurretik izena emateko beharra dago.
- 19:00 Lirain abesbatzaren kontzertua, elizako plazan.
- 19:00 Mikel Martínezen bakarrizketa, San Pedro plazan.
- 19:30 Attitude dantza-eskolaren ikuskizuna, Ibarreta plazan.
- 20:00 Taloen tailerra eta salmenta, eliza aurreko plazan. Aldez aurretik izena eman beharra dago.
- 20:30 Koktelen tailerra eta txapelketa. Aldez aurretik izena eman beharra dago; 6 euro.
- 22:00 Al tran tran bat-bateko musika-sormena, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan.
Uztailak 8, domeka
- 11:00-13:00 Elikadura osasuntsuaren eta prozesatuen inguruko berbaldia, Olatz Bilbaoren eskumenez, udal-bilkuren aretoan.
- 12:00-13:15 Bizkaiko hiru txakolin-motaren dastaketa, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan. Aldez aurretik izena eman beharra dago; 5 euro.
- 13:00etan eta 14:00etan Arte antzerki arina, San Pedro plazan.
- 13:30 Billano band taldearen kontzertua, eliza aurreko plazan.
- 13:30 Paella-jana solidarioa, euro batean, eliza aurreko plazan. Batuko den dirua Gorlizko eta Plentziako Jangai elkartearentzat izango da.
- 19:00-21:00 Piano bat ipiniko dute kalean, edonork jotzeko; eta tekla pianoaren tailerra egongo da, San Pedro plazan.
- 19:30 Step Up dantza-eskolaren erakustaldia, Ibarreta plazan.
- 20:00 Taloen tailerra eta salmenta, eliza aurreko plazan. Aurretik izena ematea beharrezkoa da.
- 20:30 Jaialdiaren itxiera-ekitaldia, eta pintxo-lehiaketaren sari-banaketa, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan.
- 21:30 Ahora! antzerki-clown ikuskizuna, eliza aurreko plazan dagoen Bizi karpan.