Gorlizko udako festa nagusiak hasteko atzerako kontaketa hasi da; izan ere, uztailaren 24tik 29ra artean izango dira Santiago jaiak aurton. Pregoia irakurtzeko eta suziria botatzeko ekitaldia 19:45ean iragarri badute ere, herri-bazkariaz abiaraziko dituzte gorliztarrek santiagoak. Jana 15:00etan hasiko da, baina horretan parte hartu gura dutenek txartelak aldez aurretik erosi beharko dituzte, uztailaren 19a baino lehen. Bazkaldu aurretik, 14:00etan, Lesakako Elutxa txarangaren doinuek jakinaraziko dute jaiak hasteko gutxi falta dela.
Bazkariaren ostean, berriz, gazteentzako bingo musikala egongo da, elizako plazan, 16:30ean, eta, arrastian, hasiera ofiziala emango diete ospakizunei. Taldeen jaitsierari dagokionez, Itsasbide kalean behera joango dira, Ondarganaraino. Gainera, erraldoiak, buruhandiak, txistulariak, dantza-taldeak eta trikitilariak lagun izango dituzte, kalejiran. Uztailaren 19a izango da kuadrillek kultur etxean izena emateko azken eguna (azken eguneko jaien akabuko igoeran parte hartuko duten adierazi beharko dute). Esan beharra dago, lehenengo eguneko herri-bazkarian eta taldeen jaitsieran bezala, beste hainbat ekitalditan ere, aurretik izena ematea eta txartelak erostea beharrezkoa izango da: eguazteneko herri-bazkarian, egueneko playback-txapelketan, barikuko 16 urtetik gorakoen playbacketan, zapatuko mozorro-lehiaketan eta desfilean, eta domekako rally barregarrian eta kuadrillen igoeran. Horietan denetan ere uztailaren 19a izango da izena emateko edo txartelak hartzeko azkenengo eguna; kultur etxera hurreratzea besterik ez daukate ekitaldi horietan parte hartu gura dutenek. Bestalde, Udalak ez du bazkarien salneurrien berri eman.
Askotariko jarduerak
Txupinazoaren ostean, geldi egoteko tarterik ez da izango udalerrian, denen gozamenerako askotariko jarduerak eta ekitaldiak antolatu baitituzte: lehiaketak, kontzertuak, umeei begirako jolasak eta zezensuzkoak, besteak beste. Horrez gainera, gastronomiazaleek ere hainbat hitzordu izango dituzte: batetik, ohiko Bakailao Txapelketa egingo dute domekan, uztailaren 29an; bestetik, uztailaren 27an, Kuadrilla Egunean, pintxo-txapelketa egongo da, lagunarteentzat bakar-bakarrik.
Egitaraua:
Uztailak 24, martitzena
- 14:00 Lesakako Elutxa fanfarreak jai-giroa isiotuko du.
- 15:00 Herri-bazkaria. Txartelak kultur etxean eros daitezke, hilaren 19a arte edo agortu arte.
- 16:30 Bingo musikala, gazteentzat, elizako plazan.
- 19:45 Pregoia eta txupinazoa, elizako plazan.
- 20:00 Taldeen Jaitsiera Nagusia, Itsasbide kalean behera, Ondarganaraino. Erraldoiak, buruhandiak, txistulariak, dantza-taldeak, trikitilariak egongo dira. Uztailaren 19a izango da kuadrillek kultur etxean izena emateko azken eguna (azken eguneko jaien akabuko igoeran parte hartuko duten adierazi beharko dute). Sari-banaketa azken egunean izango da.
- 22:00 Zezensuzkoa, elizako plazan. Lau metro baino gutxiagora ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.
- 22:30 Gorliz Pine-Groove Festival, elizako plazan. Donna Versus eta Five Directions taldeen kontzertuak, Ibarreta plazan.
Uztailak 25, eguaztena
Santiago Eguna
- 10:30 30 Nekazaritza Azoka, goiz osoan, Artzelu plazan. Liburu azoka ere egongo da.
- 11:00 Umeei begirako parkea, Itsasbide kalean.
- 11:45 Triki-kantu-dantza-poteoa, elizako plazatik. Denok baserritarrez janztea eskatu dute.
- 12:00 Meza Santiago patroiaren ohorez; eta Lirain abesbatzaren kantaldia.
- 12:40 Ohorezko aurreskua eta Aratz taldearen dantzaldia, elizako plazan.
- 15:00 Herri-bazkaria, San Pedro plazan. Txartelak, kultur etxean eros daitezke, hilaren 19a arte edo agortu arte.
- 18:00 Sagardotegi ibiltaria, San Pedro plazan.
- 19:00 Kantu Kolore, Ibarreta plazan.
- 20:00 Udalak argitaratutako Arpegios de montes, pájaros y mar olerki-liburuaren aurkezpena, Lirain abesbatzagaz, Sertutxenan. Ku-Klux fanfarrea, Itxasbide kalean.
- 21:30 Bentazaharreko Mutiko Alaiak, San Pedro plazan.
- 22:00 Zezensuzkoa, elizako plazan. Lau metro baino gutxiago ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.
- 23:00 Dantzaldia, Urrats taldearen doinuetara, elizako plazan.
Uztailak 26, eguena
- 11:00 Umeei begirako parkea, puzgarriak, jarduerak, jolasak eta bits-jaia (14:00), Ibarreta plazan.
- 13:00 Nagusientzako luncha, jubilatuenean.
- 14:30 Disco Bengala, San Pedro plazan.
- 18:00 Playback-txapelketa, Ibarretan, 0-6, 7-11 eta 12-15 urte artean. Izena emateko azken eguna, uztailaren 19a. Akabuan, sari-banaketa.
- 19:00 Eonian elektrotxaranga, herrigunean.
- 21:00 Afari herrikoia: afaria eroan beharko dute parte-hartzaileek; mahaiak eta aulkiak txosnagunean daude. Karaokea, pilotalekuan.
- 22:00 Zezensuzkoa, elizako plazan. Lau metro baino gehiago ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.
- 22:30 Mariachi Imperial Elegancia Mexicana talde, Ibarreta plazan.
Uztailak 27, barikua
Kuadrilla Eguna
- 11:30 Zezen eta zaldi puzgarrien entzierro, elizako plazan eta Itxasbide kalean.
- 12:00 Kuadrillen poteoa.
- 14:00 Kuadrillen Eguneko Txupinazoa.
- 14:30 Kuadrillen pintxo-txapelketa, Estratakoetxe parkean.
- 15:00-15:30 Pintxoen aurkezpena.
- 16:30 Kuadrillen jolasak, elizako plazan. Xake-partidak, Ibarreta plazan.
- 19:00 Bigantxak denontzat, Gazte-leku fanfarreagaz, Ondarganan. Grand Prix 16 urtetik beherako kuadrillen artean.
- 21:30 Playback-txapelketa, Ibarretan (16 urtetik gora). Izena emateko azken eguna, uztailaren 19a. Akabuan, sari-banaketa.
- 22:00 Zezensuzkoa, elizako plazan. Lau metro baino gehiago ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.
- 23:00 Roca&Rollo, Ibarreta plazan.
- 00:00 Vendetta taldearen kontzertua, elizako plazan.
Uztailak 28, zapatua
- 11:00 32. Eskulangintza Azoka, egun osoan, tailerrak ere egongo dira, Artzelu plazan. Goizean, Liburu Azoka ere bai.
- 11:30 Aikidoko, boxeo- eta zumba-erakustaldiak, eliza aurreko plazan.
- 11:30-14:00 Eskubaloi-tailerra, Ibarretan.
- 12:00-15:00 Txu-txu trena, kalez kale.
- 12:30 V. Gorlizko Kronoeskalada. Ginkana. Femmes antzezlan ibiltaria, Hortzmuga taldearena, Artzelu plazatik.
- 17:00-20:30 Eskulangintza Azoka, Artzelu plazan.
- 18:30 23 Mozorro Lehiaketa eta desfilea, Itsasbide eta Eloisa Artaza kaleetatik Ondarganaraino. Izena emateko azken eguna uztailaren 19a.
- 20:00 Ellos y nosotros olerti-errezitaldi musikatua, Poéticos taldearena, Sertutxenan. Bigantxak, denontzat, fanfarrea lagun, eta kale-animazioa.
- 22:00 Mozorro-txapelketaren sari-banaketa, elizako plazan.
- 22:30 24. Habanera eta Euskal Polifonia Jaialdia, Ibarreta plazan. Abesbatzak: Zarautz abesbatza (Gipuzkoa), Santa Maria (Castro Urdiales-Kantabria) eta Lirain (Gorliz). Zezensuzkoa, elizako plazan. Lau metro baino gutxiagora ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.
- 22:30 DJ Paul Swyle, elizako plazan.
- 00:00 Trikizio, elizako plazan.
- 04:00 DJ Paul, elizako plazan.
- 00:00-03:00 Alkoholemia-kontrol prebentiboak, elizako plaza ondoko autobus-geltokian.
Uztailak 29, domeka
- 09:00 15. Bakailao Txapelketa, Itxasbide kalean.
- 12:00 Ur-puzgarri irristagarria, Itxasbide kalean.
- 12:30 Madalena-tailerra gaztetxoentzat, Urris taldeagaz, Itxasbiden.
- 13:00 Bakailao-lapikoen aurkezpena. Tortilla-txapelketa gazteentzat, Itxasbide parkean.
- 14:30 Gastronomia-txapelketen sari-banaketa, Itxasbide kalean.
- 17:00-19:00 Rally barregarria, Itsasbiden. Izena emateko azken eguna hilaren 19a. Akabuan, sari-banaketa.
- 19:00 Bertso-saioa, elizako plazan: Igor Elortza, Beñat Vidal, Etxahun Lekue eta Amets Arzallus.
Bigantxak, fanfarreagaz; eta Euskal Herriko Errekortariak, Ondarganan. - 22:00 Kuadrillen igoera. Izena emateko azken eguna uztailaren 19a. Fanfarreak eta Deabru Beltzak taldea. Itsasbide kalean eta elizako plazan.
- 23:00 Sari-banaketa, elizako plazan. Jaien akabua, Urri erreko dute. Lau metro baino gutxiago ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek.