Nondik etorri zitzaizun Gure Zirkua sortzeko ideia?
Beti izan naiz zirku-zalea, eta aspalditik pentsatzen nuen, beste askok bezala, hutsune bat zegoela Euskal Herrian. Azkenean ni animatu nintzen, karpak begiratzen hasi nintzen, bigaren eskuko bat lortu, eta holaxe. Gero jendea batzen joan da, taldea osatu arte. Beti ibili gara geure buruari galdera egiten ea posible izango ote zen Euskal Herriko zirku bat edukitzea, eta hara, posible izan da.
Proba txiki bat egin zenuten iaz, ezta?
Bai, bost emanaldi egin genituen Tolosan, proba-pilotu gisa, eta arrakastatsua izan zen. Aurten ekainean hasi gara, Amezketan, eta ordutik ia egunero, Euskal Herri osoan.
Erraza izan da zirkurako artistak lortzea? Edo bestela esanda, zirku-tradizioko lurraldea da Euskal Herria, badago zirku-jenderik?
Ez dago askorik, baina afizioa badago, artistak badaude, batzuk zoritxarrez kanpoan dabiltzanak lana bilatzen, beste leku batzuetan lana sortzen. Batzuk, jakin zutenean ekimen honekin hastekotan ginela, gerturatu egin ziren, eta halaxe joan gara oso modu naturalean taldea sortzen.
Zirkua iraganeko kontua dela ematen du, gaurko aisialdi-aukeren artean zaharkitu litekeela, baina zirkua ez da hiltzen, zaletasuna hor dago. Milaka ikusle joan dira zuengana daborduko...
Zuk esan duzu: zirkua ez da hiltzen, eta horrek poz handia emate dit. Nik ere hiru ume ditut, eta gure umeak, ordu eta erdi batez, tablet-ak eta eskuko telefonoak ahazten dituzte. Zirkua gauza zaharra da, eta diziplinak ere zaharrenak erakusten ditugu; duela mila urte umeak zeuden zirkuan eta oraindik badaude.
Eta egongo dira. Zeintzuk dituzue etorkizunerako asmoak?
Azarora arte arituko gara, lau hilabeteko bira burutuko dugu, eta gero deskantsu apur bat hartuko dugu, eta gauza batzuk konpondu behjarko ditugu: kamioia, hesiak, harmailak. Eta beste batzuk beste zeregin batzuetara, beren lanetara. Gero, poliki-poliki, udaletxeekin hitz egiten hasi.
Lan handia ematen du zirkuak. Estresa ere bai.
Muntaia eta lekualdatzeetan sekulako uneak egoten dira, energia guztia horretarako behar da, telefonoa ere ezin hartu. Gorlizen geunden asteleheneko goizeko 9etan eta asteazken arratsaldean emanaldia daukagu Zarautzen. Dena muntatzeko egun eta erdi.
Zelan Gorlizen? Luze egon zarete.
Bai, hamar emanaldi egin ditugu eta egia esan asko gozatu dugu. Leku guztietatik etorri zaigu jendea, atzerritarrak ere bai.
Euskaraz ez dakiten asko joaten dira zuen emanaldietara?
Denetik dago. Guraso euskaldunak, erdaldunak... Eta etorri zaizkigu ingelesak, katalanak… Haiek pozik. Gu saiatzen gara denek gozatzeko moduko ikuskizuna egiten. Sketchak ez dituzte ulertuko, euskaraz direlako, baina gainerakoan, zirkua zerbait bada, nazioartekoa da. Banderarik gabekoa da zirkua, denentzako moduko espektakulua.
Zerk definitzen du zirkua? Zirkua denean egon daiteke eta dena kendu liteke, edo ukitu ezin diren elementu finko batzuk badauzka?
Zirkuak liluratu behar zaitu, harrapatu behar zaitu, magikoa izan behar du egiten duzunak. Malabaristak, akobraziek, trapezioak… Denak kutsu magikoa eduki behar du. Eta poza, zirkuak poza transmititu behar du. Horretan saiatzen gara.
Garai batean, beharbada, zaila zen animaliarik gabeko zirkua irudikatzea. Orain asko dira animaliarik gabekoak. Zuek behintzat ez daukazue, ez dakit hautu kontziente baten ondorioz izan den…
Eztabaidatu ere ez dugu egin, denok ados geunden ez zela animaliarik egon behar. Bagenekien denok zer pentsatzen dugun: animaliarik ez dela behar ordu eta erdiko espektakulu atsegin bat egiteko. Hori gaindituta dagoela uste dut, gure aldetik bai behintzat. Batzuek agian halabeharrez kendu beharko zituzten animaliak, udal askok ez dutelako halakorik onartzen; guk behintzat argi geneukan hasieratik.