Gau Beltzak edo Arimen Gauak aldaketa asko jasan ditu mendez mende, ia desagertzear ere egon da, baina geroz eta gehiago dira gau hori ospatzen duten herri eta udalerriak.
Ospakizun hori urriaren 31ko gauean egiten da eta oso itxura berezia du, batez ere hildakoen munduagaz erlazionatuta baitago. Gau horren jatorria zeltikoa omen da, eta badirudi Euskal Herrian ere antzinatik ospatu izan dela, nahiz eta XX. mendean festa hori ospatzearen ohitura galdu zen. Zenbait idatziren esanetan, arimen eguna ailegatzen zenean umeek baratzetan aurkitzen zituzten barazkiak, hala nola kuiak, arbiak eta patatak, hustu eta aurpegi beldurgarriak egiten zituzten horiekaz, gero piztutako kandela bat barnean sartzeko eta ondoren trapuakaz janzten ziren, beldurgarriak izan zitezen. Horiekaz egiten zutenari buruz bi bertsio daude: batzuen arabera, umeek panpina horiekaz beste ume eta nagusiak izutzen joaten ziren. Bestearen arabera, panpina horiek etxe zein bideen ertzetan uzten zituzten santu guztien egunean altxatzen ziren arima gaiztoak uxatzeko.
Aurten, festa horren jatorrira bueltatzea proposatu dute Gorlizen. Horretarako, gau horretan ohikoak ziren jolasak eta ekintzak egingo dituzte. Azaldu dutenez, mozorrotutako jendea ere egongo da, "baina betiere tradizionaltasun kutxu hori mantentzeko ahalegina eskertuko da, ez baita Halloween jaia".
Horretarako, Euskal Arimen Gauean erabiltzen diren arropez janzteko eta makillatzeko tailerra ere egongo da aktibitateen barne.