Nolakoa izan da idazteko prozesua?
Gorlizko Udaletxeak proiektua eskatu zidan, emakumeek herriko historian izan duten ekarpena biltzeko. 2018ko azken hiruhilekoan elkartu nintzen haiekin; bilerak egiten genituen, eta haiek kontatzen zidaten nolakoa zen Gorliz orain dela 60 urte. “Baina zer esango dizut nik, ez dut ezer berezirik bizi”, esaten zidaten batzuek hasieran. Gerraostea eta diktadura bizi izan dute emakume hauek, eta hainbat momentutan bizirauteko erabili zituzten estrategiak bildu ditut liburuan, besteak beste. Ahaldunak sentitu dira, haien bizitzari balioa eman diotelako.
Zein izan da gehien hunkitu zaituen gaia?
Erlijioak txiki-txikitatik euren bizitzan izan duen garrantzia, agian. Doktrinatu egiten zituzten, eta oso rol zurrunak inposatzen zizkieten. Etxeaz eta umeez arduratu eta otoitz egin behar zuten kalera irten baino lehen, adibidez.
Etxekoandreak ziren emakume gehienak garai horretan...
Hala da. Gorlizen gizonezko asko marinelak ziren eta denbora luzez egon behar zuten etxetik kanpo, horrenbestez, emakumeek bakarrik atera behar izaten zuten familia aurrera. Guztiaz arduratzen ziren, seme-alabak hezteaz, etxea mantentzeaz...
Gaur egun pentsaezina den bizimodua...
Askotan galdetzen diot nire buruari ze punturaino ziren gai emakume hauek presio horrekin bizitzeko. Niri asko piztu dit arreta erlijioaren kontu honek, baina eurek normaltzat hartzen dute. Euren bizipenak kontatu dizkidaten neurrian, konparaketak egin ditut nik ere gaur egungo gizartearekin.
Pertsonen arteko harremanak asko aldatu dira?
Ezkongai-aldian, batez ere. Garai horretako harremanek ez zuten zerikusirik gaurkoekin. Oso formala zen erlazioa eta erabat kontrolatua, eskua besterik ez zioten ematen elkarri neska eta mutilek. Emakume askok ez zuten erlazio esturik euren mutil-lagunarekin elkarrekin bizitzera joaten ziren momentura arte. Ezin ziren kalera irten dantzatzera, eta birjintasuna atzeratu behar izaten zuten.
Uste duzu belaunaldi berriak kontu hauetaz jakitun izan behar direla?
Dudarik gabe. Uste dut gazteek kontziente izan behar dutela, haien amonak nola bizi ziren orain dela 60 bat urte jakin behar dute. Askok pentsatzen dute ez dutela borrokatu, bizitzea egokitu zitzaien egoerari erraz moldatu zirela. Eta hori ez da egia. Gaur egun daukagun kontzientzia feminista ere bazuten, eta haien eskubideengatik borrokatu eta aurrera egin zuten egoera zailetan. Historian badirudi gizonezkoek dutela garrantzia soilik, emakumeen bizitzari ez baitzaio baliorik ematen.
Sistemaren erruagatik ziren zapalduak, orduan?
Bai. Gizarteak aurrera egin du berdintasuna lortze aldera, hala ere, matxismoarekin emakumeek zituzten arazoek gaur egungo egunerokotasunean jarraitzen dute. Mugak ditugu oraindik, ezin dugu gauean edozein ordutan kalean egon lasaitasun osoz.