Eguzki-izpien eta itsasoko haizeen artean osatzeko etxea

Iker Rincon Moreno 2019ko eka. 14a, 08:04
iturria: "Gorliz. herri baten aldiuneak" (deia egunkariak argitaratua)

Ehun urte igaro dira Gorlizko erietxeak ateak zabaldu zituenetik. 1911n eraikitzen hasi ziren azpiegitura hori eta handik zortzi urtera zabaldu, inguruko iodoak eta eguzki-orduek baldintza hobezinak eskaintzen zituztelako umeen hezurretako tuberkulosiari aurre egiteko. Hasiera batean, moja-talde batek zuzentzen zuen osasun-etxea; gaur egun, Osakidetza da beraren arduraduna. Ehungarren urtemuga ospatzeko erakusketa berezia antolatu du Osakidetzak erietxean bertan.

Bizkaian ume ugari hiltzen zen tuberkulosiaren eraginez XX. mendearen hasieran. Higiene-faltak, pilaketak eta elikadura egoki bat izateko ezintasunak infekzio hori hedatzen lagundu zuten sortu berriak ziren auzo langileetan, Ibaizabal itsasadarraren inguruetan eta Meatzaldean batez ere. Enrique Areilza doktoreak (1860-1926) Trianoko Ospitaleko zuzendari izendatu zuten 1882. urtean, eta hogei urtez aritu zen bertan lanean. Tarte horretan, gizarte osasuntsu baten garrantziaz ohartu zen. Hala, beste mediku batzuen laguntzagaz, tartean Luis Larrinagarena (1878-1953), tuberkulosia zuten umeentzako ospitale baten beharra ikusi zuten. 1909 inguruan itsas-erietxeen inguruan berba egiten hasi zen Europan, eta horretan oinarrituta, Areilza eta Larrinaga doktoreek proiektu bat aurkeztu zioten Bizkaiko Aldundiari. Horrek begi onez ikusi zuen ideia hori, eta Mario Camiña, Aldundiko arkitektoa, izendatu zuten erietxea eraikitzeko lanen arduradun.

Bizkaiko kostaldean eraiki gura zuten ospitalea, eta Gorliz eta Lekeitio artean non egin zalantzan egon ondoren, lehenengoa aukeratu zuten, Bizkaian eguzki-ordu gehien dituen udalerria delako, baita iodo-kontzentrazio handia zegoelako paraje horretan. Hala, Luis Larrinaga doktoreak proiektuaren inguruko txosten bat aurkeztu zuen Erroman (Italia) 1912ko Esposicione Internazionale d’Igiene Sociale delakoan, eta lehenengo saria jaso zuen.

Gorlizko erietxearen sorrera

Camiñas Vienako (Austria) sezesionismo-korrontean oinarritu zen ospitalearen azpiegitura eraikitzeko. Hala, 1919ko ekainaren 29an inauguratu zuten Gorlizko Itsas-Erietxe Helioterapikoa izenagaz eta Luis Larrinaga izendatu zuten zuzendari. Azpiegitura eraikitzeko, hormigoi armatua erabili zuten. Material hori oso gutxitan erabilia zen garai horretan, eta berritasun ikaragarria izan zen azpiegitura zibil batean hura erabiltzea.

Ezaugarri modura, Juan Manuel Goikoetxea gorliztarrak, El Sanatorio de Gorliz. 100 años liburuaren egileak azaldu duenez, erietxearen erdigunean dagoen Bizkaiko Aldundiaren armarrian laranjak ikus daitezke, ezkurrak beharrean. Dirudienez, Maniseko (Valentzia) enpresa bati eskatu zioten armarri hori osatzeko zeramikazko baldosak egitea, eta haritzari ezkurrak ipini beharrean, laranjak ipini zizkioten, haritza beharrean laranjondoa balitz legez.

Lehenengo urteetan, eguzkiak, elikadura egokiak eta itsasoaren aire garbiak umeak sendatzen lagundu zuten. Gorlizkoa inguruotan zegoen mota horretako erietxe bakarra zen, eta oraindino ere bada. Bertan behar egiten zuten mojak erizainak ziren, eta zuzen-zuzeneko harremana zuten inguruko auzokideakaz ere. Medikuek txertoak ipintzen, ebakuntza-gelan laguntzen eta beste hainbat kontu egiten erakusten zieten, eta herrira joaten ziren txertoak jartzera, besteak beste.

Eraikina inauguratu eta hamazortzi urtera, Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herria gogor kolpatu zuen. Hala, erietxean zeuden ume denak ebakuatu eta Sota familiaren Goizeko Izarra itsasontzian Frantziara eraman zituzten.

60ko hamarkadan tuberkulosi-kasuek behea jo zuten, eta gaitz neurologikoak artatzen hasi ziren bertan, hala nola poliomielitisa eta burmuineko paralisia. 1970ean, ordea, erietxea Ebakuntza Ortopedikoko Institutu bihurtu zen, eta 1985ean Osakidetzak egoitzaren eskumena lortu zuen. Neurri horregaz, lantaldea handitu eta eraikina eraberritu zuten. Gaur egun Bizkaiko errehabilitazio-erreferente bilakatu da, baita barne-medikuntzan eta paliatiboetan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun