Etxe okupatu bat husteko erabilitako "teknika mafiosoak" salatu dituzte Gorlizen

Iker Rincon Moreno 2019ko eka. 20a, 09:22

Atzo, eguaztenean, arrastian egindako elkarretaratzea Gorlizen.

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Gorlizko udaletxearen aurrean 20 urtez Kinpulene kaleko 47. zenbakian hutsik egon den etxea okupatzeagatik hainbat gaztek jasotako jazarpena salatzeko.

Bildutakoek azaldu dutenez, duela egun bi udaltzainak gerturatu ziren etxe huts horretan "bizi proiektu bat garatzea" helburu duten neska-mutilak identifikatzera. Gazteek jakinarazi dutenaren arabera, duela 20 urte eraiki zuten etxe hori, "eta ordutik ez zaio inolako erabilpenik eman". Udaltzaingoaren ostean, gazteek deitoratu dute jabeen familiako kide bat gerturatu zela bertara "eurak mehatxatzera". Gau horretan bertan, gainera, Ertzaintza hurbildu zitzaien baita ere eurak identifikatzera, "modu oldarkorrean".

Atzo, eguaztenean, goizean, jabeen familiako hiru semeak, haien lagun bat, etxebizitza eraiki zuen enpresako langile batzuk eta sarrailagile bat joan ziren Kinpulene kaleko etxe horretara, Gorlizko Udaltzainakaz batera, atzoko mobilizazioan parte hartu zutenek jakinarazi dutenez. "Hiru semeak eta laguna modu oldarkorrean, bultzaka eta oihuka sartu dira etxera gu kanporatzera. Gutako kide bati eraso egin diote, lepotik heldu eta kamiseta apurtu diote eta zauri arinak eragin dizkiote", gazteek deitoratu dutenaren arabera.

"Hau dena Gorlizeko udaltzainen presentziapean gertatu da, hauek geldirik begiratzen gelditu direlarik haien permisibitatearekin erasotzaileak babestuz. Hau gutxi balitz, etxean genituen liburuak, jakak eta beste zenbait gauza leihotik bota dituzte", azaldu dute neska-mutilek. "Udaltzainek ezer egingo ez zutela ikusita eta lesioak, agresioak, irainak eta umiliazioak zilegitzen zituztela ikusita, guk eskatu diegu ia mediatuko zuten, baina inongo asmorik ez zutenez Ertzainak deitu behar izan ditugu", gaineratu dute; "ertzainak hauekin hitz egin ostean etxetik irten dira mafiosoak. Baina hurrengoan bortitzago itzuliko diren mehatxupean. Hori dela eta, arratsalde osoa guardian eman behar izan dugu. Eskertu nahi ditugu Kinpuleneko auzokideak gugana izandako jarreragatik eta gerturatzeagatik".

"Gorlizen bizitzeko eta emantzipatzeko aukera gutxi"

Gazteek deitoratu dute ia ezinezkoa dela Gorlizen bizitzea eta emantzipatzea, alokairuen prezioa "altuegia" eta etxebizitza bat erostea "amets" bat delako. Era berean, udalerrian hainbat etxe huts daudela azpimarratu dute, "askotariko espekulatzaileen ondorioz". "Hauen diru goseaz itsututa gure bizi proiektu komunitario eta askeak zapuzten dituzte", deitoratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun