Uztailaren 24ko eguerdian hasiko dira santiagoak Gorlizen, baina esan daiteke arrastiz izango dela jaien "benetako" hasiera, txupinazoa bota, pregoia irakurri eta Taldeen Jaitsiera Nagusia egiten denean Itsasbide kalean behera. Betiko moduan, kuadrillek "laguntzaile" asko izango dute aldamenean: trikitilariak, erraldoiak, buruhandiak, txistulariak, joaldunak... Jaitsieran parte hartu gura duten taldeek uztailaren 19a izango dute izena emateko azken eguna. Sariak jaien akabuan emango dizkiete, uztailaren 29ko gauean. Izan ere, horixe izango da festen azken ekitaldia.
Buelta gaitezen hasierara ordea. Kuadrillen jaitsiera amaituta, eta mariatxien emanaldia hasi baino lehen, zezensuzkoa izango da gaueko 22:00etan, elizako plazan. Domekan izan ezik, gauero izango da hitzordu hori (zapatuan, ordu erdi beranduago); hori bai, jai-batzordeak ohar berezia egin du, aurreko urteetan bezala: zezenari ez dakiola inor hurbildu lau metro baino gutxiagoko distantziara.
Santiago eguna ospatzeko, lehenik eta behin Nekazaritza Azoka egongo da goiz osoan zehar. Ospe handiko ekimena da hori Gorlizen, ez baitu alferrik beteko 33. edizioa. Artzelu plazan izango da hitzordua, eta haregaz batera apurka-apurka bidea egiten dabilen beste bat: XII. Elkartasun Liburu Azoka. Horiek iraun bitartean egingo dituzte meza eta aurreskua Santiagoren ohorez, baita Gorlizko Aratz dantza-taldearen emanaldia ere. 15:00etan, pintxo-lehiaketarako prestatu dituzten mokaduak txosnetan aurkeztu beharko dituzte kuadrillek, eta ordu berean hasiko da herri-bazkaria San Pedro plazatxoan.
Hirugarren egunerako, jaia bete-betean sartuko da aste-akabuan, eta ekimen ugari izango da bertako zein kanpokoentzat. Aipatzeko modukoak dira, esate baterako, barikuko play-back txapelketa, saio bitan banatua: ume eta nerabeena lehenengo, eta 16 urtetik gorakoena ondoren. Musikak etenik izan ez dezan, gauean 80 eta 90eko hamarkadetako disko-festa egingo dute Ibarretan. Zapatuan, berriz, bizkaitar erako bakailao-txapelketa nabarmendu beharra dago (41. edizioa), Habanera eta Euskal Polifonia jaialdiaren 25. edizioa ahaztu barik. Gau horretan Jai Stand gunean paratuko dute eliz plazako autobus-geltokian. Kontsumo arduratsua sustatzea eta sexu-erasorik bako gunea eraikitzea dira horren helburuak. Besteak beste, informazioa emango dute sexu-harreman seguruak izateko, eta prebentziozko alkoholemia-kontrolak ere egingo dituzte.
Gorlizko Santiago jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!
Android sistemarako:
https://play.google.com/store/apps/details?id=acvmultimedia.hiruka&rdid=acvmultimedia.hiruka