Hondartzape erretokia zigilatu dute, eraikina bota eta dunak berreskuratzeko

Hondartzape erretokia, Gorlizko hondartzan. © NEKAZARITZA ETA ARRANTZA, ELIKADURA ETA INGURUNE MINISTERIOA

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak aginduta, eraikina botako dute, inguruan dunak berreskuratzeko. Hondartzape Gorlizko hondartzan gelditzen den azkenengo jatetxea da.

Eraikin horren erabileraren kontzesioa amaitutzat eman du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, 2013ko otsailaren 25eko ministro-aginduaren bidez. 1944ko azaroaren 17ko ministro-aginduak baimentzen zuen Gorlizko hondartzan piknik-gunea ipintzea, erabilera publikoko lursail eta itsaso eta lehorraren arteko jabarian.

Ministerioak agindua eman dio Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari kontzesio horren itzultze-akta egiteko eta eraikina botatzea, ahalik eta lasterren.

Proiektuaren helburua da 500 metro koadro inguruko eremu hondartsua berreskuratzea. Beraz, eraikin osoa botako dute (taberna-jantokia, sukaldea, komunak eta goiko terraza). Horregaz batera, kenduko dituzte hormigoizko zabalgunea, perimetro-paretagaz eta zimendu-betegarriagaz; eta sareetatik eraikinera doan zabalgunea.

Hasteko, inguruko harea bahetuko dute, eremua egokitu ahal izateko eta material antropikoa kentzeko. Horren helburua da barnealdean duna-formazioa sortzea. Horretarako, harea egonkortuko da, kaptoreak kokatuko dira, duna-espezieak landatuko dira eta ingurua hesituko dute, egurra eta sokagaz.