Gorlizen dagoen Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroak hogei urte bete ditu aurten eta, denbora horretan, 17.331 animalia artatu ditu denera. "Zentro hau gure erremintarik garrantzitsuenetakoa da biodibertsitatea jagoteko eta, aldi berean, ezagutzarako tokia eta ikertzeko esparrua da, eta gure Lurraldean fauna basatiak duen egoerari buruzko informazio iturririk onena", adierazi du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak. Beste alde batetik, bertan lan egiten duen jendearen zeregina goraipatu du: "Gure ingurua oso ondo ezagutzen duten eta euren lanarekiko konpromiso itzela duten pertsonak dira".
Unzuetak adierazpen hauek egin ditu Artxandatik hurbil egin den 27 hegazti askatzeko ekitaldian (14 hontz, 7 urubi, 4 belatz, koartza bat eta aztore bat); jarduketa hori ohiko jarduera da zentro horretan eta gaur, bide batez, zentroaren hogeigarren urteurrena ospatzeko erabili da.
Gorlizko foru instalazioetan 7.965 animalia hil jaso dira, eta beste 9.366 bizirik. Azken horietatik, tratamendu egokia jaso eta 5.014 berriz askatu dira naturan; beste 1.382 lagapenean utzi dira lankidetza hitzarmena duten beste zentro batzuetan, hala nola Donostiako Aquariuma, Basondo, Fundación Áquila eta Karpin Aventura. Beste 2.797 animalia lesioen eta zaurien ondorioz hil egin dira, osatzeko tratamendua izan arren.
Jasotako animaliei dagokienez, adierazi behar da gehienak hegaztiak izan direla: 11.758; horietatik 6.871 bizirik heldu dira. Ugaztunen artean, aldiz, jasotako 3.843 animalietatik 1.111 bizirik heldu zaizkie. Narrastien kasuan, 1.385 jaso dituzte eta horietatik 1.310 bizirik iritsi dira.
Hegaztien ingresoen kasuan Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentrora ekartzearen arrazoi nagusia traumatismoa da (2.617); ordea, ugaztunei dagokienez kasurik arruntenak harrapatzeak izan dira (852). Gainera, hegaztien artean oso ohikoa izaten da esparru naturaletan aurkitutako kumeak eramatea (hogei urte hauetan Gorlizko zentrora 2.769 kume eraman dira).
Prozedura
Animaliak Zentrora iristen direnean bidezko sarrera-erregistroa eta albaitaritza-diagnostikoa egiten dira; halaber, animaliaren fitxa kliniko bat egiten da eta bertan sartzen dira eboluzioaren datu denak. Animaliaren espeziearen arabera jarduteko eta animalia hori maneiatzeko berariazko protokolo bat ezartzen da.
Zentrora heldu ondoren animaliaren azterketa klinikoa egiten da eta diagnostikoaren osagarri moduan ostean analizatu egingo diren laginak hartzen dira. Eta, espeziearen arabera, beste mota batzuetako laginak atera daitezke kontrol sanitarioa edo epidemiologikoa egiteko, eta baita kontrol genetikoa egiteko ere (azken froga horiek Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan agertzen diren edo nabarmen populazioari dagokionez jaisten ari diren espezieak direnean).
Zentroko jarduketen Programa
Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroan, zaurituta edo gaixorik dauden animaliak osatu eta birgaitu ez ezik, zaintza sanitarioko programak egiten dira (fauna basatiaren kontrol epidemiologikoa eta Fauna Basatia Zaintzeko Plan Nazionala), eta baita zentroan ingresatzen diren espezie mehatxatuen kontserbazio-programak ere, eta horiek guztiak burutzeko Zentroak ikerkuntza-planetan jarduten du unibertsitateko zentroakaz eta hala estatuko nola nazioarteko beste erakunde batzuekaz lankidetzan.
Halaber, animalien arloko esperimentazio lanak egiten ditu, adibidez apoarmatu istilzalearen ugalketaren kontrola. Aldi berean, hezkuntzaren esparruko esku hartzeak burutzen ditu unibertsitateakaz eta beste erakunde batzuekaz dituen lankidetzen bidez eta horien artean daude AMBAR, AZTI, NEIKER edo Doñanako Estazio Biologikoa.
Aurten, horiek ez ezik, Zentroak Fauna Basatiaren birgaikuntzari buruzko oinarrizko jarduketarako eskuliburua argitaratu du, zentroan urte hauetan egin den lanean eskuratutako ezagutzan eta esperientzian oinarritzen den gida dena eta faunaren kontserbazio-lanetan hasten diren profesionalentzat ezagutza-erreminta izateko sortu dena. Eskuliburu hori aurten berritu den Zentroko webgunean eskura daiteke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.