Herri-galdeketa

"Bigantxak nahi dituzu Gorlizko jaietan?"

Erredakzioa 2019ko abe. 24a, 11:53

Bigantxak, artxiboko irudian. CC-BY bedaio3000

Gorlizko Santiago jaietan egin ohi diren bigantxen-jarduera mantendu edo ez erabakitzeko galdeketa egitea onartu du Udalak. Datorren urtarrilaren 26an egingo dute hori.

Change.org plataforman animalienganako tratu txarrak ekiditeko ia 500 sinadura bildu direla eta, Santiago jaietan bigantxen erabileraren inguruko herri-galdeketa egitea erabaki du Gorlizko Udalak. Horren harira, EH Bilduk aipatu du animalien gaineko tratu txarrak ez direla eztabaidagai; hala ere, ikuskizun horiek kentzeko urrats bat emateko asmoz, galdeketa horren alde bozkatzea erabaki du koalizio abertzaleak.

Urtarrilaren 26an egingo duten galdeketan Gorlizen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona denek bozkatu ahal izango dute; emaitza ez da loteslea izango, hala ere, Udalak emaitzaren kontrako erabakia hartuko balu horren zergatia arrazoitu egin beharko du. Galdera hurrengoa izango da: "Bigantxak nahi dituzu Gorlizko jaietan?"; erantzuna bai edo ez izango da, besterik ez.

Osoko bilkuran ikus daiteke horren inguruko eztabaida:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun