Behin-behinean onartutako aurrekontuek kultura, turismoa eta osasun arloak nabarmenduko dituzte; izan ere, atal horiek izango dira aurreko urteagaz alderatuta izango duten igoera handiena, osoko bilkuran bertan azpimarratu zutenez. Hala, Gorlizko Udalak 283.300 euro bideratuko ditu udalerriko turismoa promozionatzeko ekitalditara. Kultura arloak, aldiz, 436.000 euro jasoko ditu eta Osasun Sarea izeneko iniziatibarako 28.000 euro bideratuko dituzte, orain arte jaso izan duenaren bikoitza.
Euskararen sustapenerako egitasmoek ere igoera jasango dute, 76.600 euro bideratuko dituzte aurten horretarako; eta udalerrian jaiak antolatu eta ospatzeko 223.8000 euro inbertituko dituzte. Era berean, udalerriko hondakinak batzeko eta kaleak garbitzeko sistema hobetzeko 761.600 bideratuko dituzte; parkeak eta lorategiak mantentzeko 393.250 euro; kaleko argiterian LED luminariak instalatzeko 423.500 euro.
Berritasun bi
Gorlizko aurrekontuek berritasun bi aurreikusten ditu 2020rako: alde batetik, gazteen emantzipaziorako diru-laguntzen programa (10.000 euro) eta diru-partida zehatzak aurreikustea auzoetarako.
Inbertsioei dagokienez, Udalak 607.000 euro aurreikusi ditu zeregin horretarako, hala nola Udalaren eraldaketa digitala egitea, nagusien etxearen instalazioak hobetzea, Udaltzaingoaren ekipamendua egokitzea, ikastetxean obrak egitea, kiroldegia egokitzea, frontoia ixtea eta Artzelu plazaren lokalean ikasgela bat sortzea.