Koronabirusa Uribe Kostan

Gorlizko hondartzetan jende-pilaketak murrizteko neurriak hartuko ditu Udalak

Erredakzioa 2020ko mai. 29a, 13:32

Artxiboko irudia.

Nagore Utxupi Gorlizko alkateak sare sozialen bitartez zabaldu duenez, Udalak hainbat neurri ezarriko ditu hondartzetan edukieraren segurtasun-mugak betearazteko. Hala, besteak beste, hareatzarako sarbideak murriztu eta horiek kontrolatzeko udaltzain-laguntzaileak kontratatuko dituztela iragarri du udal-agintariak, baita kamerak instalatu ere.

Alkateak zabaldutako oharraren arabera, hurrengo neurriak hartuko ditu Udalak hondartzan jende-pilaketak ekiditeko:

  • Udaltzain-laguntzaileak kontratatuko dituzte hondartzarako sarbideak kontrolatu eta beharrezkoa denean horiek ixteko.
  • Hondartzara sartzeko hiru sarbide mantenduko dira, beste denak itxiko dituzte.
  • Ibilgailuen sarbidea kontrolatuko dute udalerrira sartzeko eta hondartza-gunera joateko.
  • TAO enpresagaz komunikazioa mantenduko dute aparkalekuen okupazio-maila zein den jakiteko eta kontrolak aurreikusteko.
  • Bi komun ezarriko dituzte. Horretarako, garbitzaileak kontratatuko dituzte uneoro garbi daudela bermatzeko eta horietarako sarbidea kontrolatzeko.
  • Joan-etorriak kontrolatzeko kamerak ezarriko dira, udal-webgunetik ikusi ahal izango direnak.
  • Hondartzan gehienez 3 ordu egoteko gomendioa egin dute.
  • Kirola bainu-ordutegitik kanpo egin ahal izango da soilik.

Uneoro beharrezkoak diren neurriak hartuko direla ohartarazi du alkateak, "unez uneko egoerari aurre egin ahal izateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun