Zer dela eta hartu behar izan duzue Troka ixteko erabakia?
Lehenik eta behin, argitu nahi dut Trokak ez dituela bere ateak ixten, eta saiatuko garela bizirik mantentzen. Gorlizko aterpetxearen eta horretatik eratorrita egiten genituen aktibitateen kudeaketa da itxi duguna. Bestelako ekintza eta zerbitzuak egiten jarraituko dugu. Hori argi utzita, guretzat oso erabaki konplikatua eta gogorra izan dela azpimarratu nahi dugu; aurreko urtean galera ekonomiko larriak izan genituen, eta geneukan esplotazio-kontratutik ez dugu lortu beste era bateko kudeaketa bat egitea.
Bestalde, hainbat gastu genituen: mantentze-gastuak; kanona (hilabete batzuetan kendu dugun arren, ez dugu denetan lortu, eta orain berriro jarriko zen martxan); langileen gastuak, ABEEEn (Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espedientea) egon arren gastuak suposatzen dutelako; enpresa berriro martxan jartzekoak… Eta hori guztia ezer fakturatu gabe. Azkenean, zerbait egin behar genuen, eta gerente bezala ezin nuen enpresa horrela jarraitzen utzi, kiebrara gindoazelako.
Turismo sektorearentzat hartu diren neurriak bidegabeak direla uste duzu?
Gure kasuan, turismo aktiboaren kasuan, nire ustez, kontraesan handia egon da. Iazko apiril eta maiatz bitartean natura proposatu zen palanka aktibatzaile gisa, jendea kalera berriro ateratzeko; turismo aktibo hitza inoiz baino gehiago entzun zen orduan.
Nik ez dut gai polemikoetan sartu nahi, baina argi dago ezin baduzu lan egin jartzen diren neurriengatik ezin dizutela beste kontu batzuengatik kobratu (ura, elektrizitatea, zerga munizipalak, aldundikoak, ABEEEak…), eta hemen kontraesana ikusten dut.
Guk, gure aldetik, egin behar genuena bete dugu. Estatu mailan turismo aktiborako lan ildoak aztertu eta martxan jartzeko lana ere egin genuen; ni neu egon nintzen dokumentu horren gauzatzean. Trokan kontingentzia plana ere geneukan, neurri bereziekin; dena izugarrizko lana hartuta. Hala ere, abuztu amaieran hartu ziren neurriak eta egoera zein zen kontutan hartuta, ixtea eta udaberrira arte itxarotea pentsatu genuen. Baina egoera ez da hobetu, eta gure baldintza ekonomiko larriaren ondorioz erabaki hori hartu dugu.
Beste aukera batzuk ere probatuko dituzue?
Bai, noski. Lehenengo fasea gainditzen dugunean, egoera aztertu eta berriro ere zerbitzuak eskainiko ditugu. Oraindik ez dakigu zer, non edo nola, baina Troka hor izango da bere esperientziarekin.
Beraz hau ez da behin betiko itxiera.
Gorlizko basea eta aterpetxea dira galdu ditugunak; orain ikusi behar dugu ea gai garen bestea mantentzeko.
Administrazioetatik laguntzarik jaso duzue?
Eusko Jaurlaritzako Turismo Arlotik, Bizkaiko Aldunditik eta Gorlizeko Udaletik jaso ditugu laguntzak, baina jasotakoarekin ez dugu ordaintzen administrazioek kobratzen digutena.
Zer zen Troka Abentura?
Nire bizitza zen. Oso zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituen turismo aktiboko enpresa bat zen. Guretzat berrikuntza izan da beti gure lan-ildoa, eta, hortik, hainbat produktu berri atera ditugu, bai produktuen aldetik (coasteering-a adibidez) eta baita prozeduren aldetik ere (kalitatearekin lotuta dauden ziurtagiriak, ISO, turismo aktiboko “Q”, besteak beste). Herrian, eskualdean eta EAE mailan turismo-mahai ezberdinetan parte hartzen ere egon gara; Aktiba elkarteko lehendakaria ere izan naiz.
Nola sortu zen?
Alpeetara egindako bidai batean, furgonetan orduak eta orduak hitz egiten, eta bat-batean sortu zen ideia. Bueltan bageneukan dena erdi pentsatuta, eta orduan hasi ginen dena antolatzen.
Nolako zerbitzuak ematen zenituzten?
Oso zerbitzu ezberdinak eskaintzen genituen. Nik hauek azpimarratuko nituzke:
- Gorliz aterpetxean egonaldiak.
- Udako kanpamenduak, egunekoak edo astekoak, eta Surf campusak.
- Ikastetxeentzako ikas bidaiak eta abentura egunak.
- Herrietan ginkanak.
- Enpresentzat ekintzak.
- Turismo aktiboko enpresentzako aholkularitza.
- “El Conquis”, “Basetxea”, “Izan Invictus” eta halako programentzat aktibitateak ere antolatu ditugu.
- Familientzat eta kuadrillentzat ekintzak.
Besteak beste, uretako eta lurreko kirol eta ekintzak egiten genituen: surf, bodyboard, urpekaritza, kayak, coastering, big sup, eskalada, tirolina, ginkana, mendia...
Nolakoak izan dira martxan egon zareten 22 urteak?
Oso biziak eta politak izan dira, jende asko ezagutu dut, eta haiekin hainbat abenturak konpartitu ditut. Oso pozik nago egindako lanagatik, eta batez ere izan ditudan langileengatik; oso talde ahaltsua izan dut, eta, azken finean, hori da niretzat garrantzitsuena: pertsonak.