Herritarren ordezkari gisa dituen eginkizunak bete ez dituelakoan, udal-taldea uzteko eskatu dio Gorlizko EH Bilduk Iratxe Irusta zinegotziari. Koalizio abertzalearen Bizkaiko taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, zinegotzi horrek hala eskatuta, EH Bilduren Berme Batzordeak egoera aztertu eta Irustak aurkeztu zituen arrazoiak baloratu zituen, "baina horiek ez ziren aintzat hartu".
Hori dela eta, Berme Batzordeak ebatzitakoan oinarrituta, "eta ordezkari publiko bezala Gorlizko Udalean eta Uribe Kostako Mankomunitatean zituen betebeharrak behin baino gehiagotan ez betetzeagatik", joan den irailaren 15a baino lehen bere kargua uzteko eskatu zioten zinegotziari.
Bizkaiko EH Bilduk gogoratu du epea igaro dela, eta Berme Batzordeak egindako eskaera alde batera utzita, Irustak zinegotzi-akta mantendu eta Gorlizko EH Bilduren udal-taldea uztea erabaki duela; hala, Udalbatzako atxiki gabeko taldeko kide izatera igaro da.
Iratxe Irustak, bere aldetik, adierazi du Berme Batzordearen ebazpenak duen forma eta edukia "onartezinak" direla eta, hori dela eta, EH Bildu uztea erabaki duela: "Berme Batzordeak nik eskatutako azterketa ez du forma egokian egin izan nik mahai-gaineratutako arrazoiak ez baititu kontutan hartu, ezta aztertu, ezta entzun ere, hauek baztertuak izan baitira atentzio-fokua beste gai batean jarriz".
Horren ildotik, Irustak deitoratu du EH Bilduk ez dituela "inongo asmo zantzurik adierazi izan sistema patriarkalak bermatzen dituen posizio ezberdinetan zelako ardurak ditugun aztertzeko eta, ondorioz, aldatzeko". Gauzak horrela, "behin behineko egoera batean" EH Bildu uzteko erabakia hartu duela azpimarratu du zinegotziak, "emakume batek bere etxetik alde egin behar duen moduan gauaren erdian jazartua izaten ari delako, ezin baitut onartu gizarte patriarkal hau mantendu eta birsortzeko hautua egin izatea Berme Batzordeak, eta horren aurrean planto egiten naiz".
Hala, udal-taldea utzi duen arren, zinegotzi-akta mantenduko duela iragarri du, "legealdia bukatu arte minimo": "Nire esku dagoena, nire gaitasuna eta marko instituzional honek ematen duen aukeran, herritarren ordezkaritza instituzionala demokrazian eta parekidetasunean oinarritzeko bermeak borrokatzeko asmoarekin geratu naiz posizio hori defendatzen".
Zentzu horretan, bere jardunean "askatasun eta segurtasunarekin" aritu ahal izateko bermeak eskatu dizkio EH Bilduri.