Uda honetan, beste hainbat ospakizun izango dituzten arren Gorlizen, herriko patroiaren omenezkoak dira denek bi urtez itxaron dituzten festa nagusiak. Aurtengo jaiak 2019koak baino laburragoak izango dira, baina zirrara guztia lau egunetan kondentsatu dute Udalak eta jai-batzordeak.
Aurtengo Santiago jaietako pregoia botatzeaz arduratuko da Idoia Urrutia Larraondo. Hori jakinarazi ziotenean, bere lehen erreakzioa harridurazkoa izan zela dio: "Ez nuen ezertarako bez espero. Kultur etxetik deitu zidatenean, Dastatuarteko zeozertarako zela pentsatu neban". Aukeratu dutenek diotenez, bera beti dago prest elkarlanean aritzeko, antolaketan parte hartzeko, eta ez jaietan edo udan bakarrik, urtean zehar ere ideia sortzaileak eskaintzeko prest omen dago beti Urrutia. Gaineratu duenez, jaietan ederto pasatzeko gakoa jardueretan parte hartzea da, horregatik, gorliztarrei eta bertaratuko diren guztiei jardueretan murgiltzeko gonbitea egiten die.
Eta parte-hartzeko aitzakiarik ez da egongo prestatu duten jarduera andanagaz. Alde batetik, hamaika musika ikuskizun egongo dira Habanera eta Euskal Polifonia Jaialditik edo elizan egingo den XXI. musikalditik hasita, Kaotiko, Travelling Brothers edo Urratsa taldeen doinu gogorretara pasatuz; edota Gorliz Pine-Groove Festival-en reggae eta kaleko erritmo dantzagarrietaraino. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo jaialdian, Euskal Herriko artistei ikusgarritasuna eta bultzada eman gura izan diete.
Horretaz gain, uztailaren 24a lehiaketa gastronomikoen eguna izango da. Egun horretan, nagusiek Bakailao Bizkaiko erara txapelketa egingo dute; aldiz, 13 urtetik beherako gaztetxoentzako, tortilla-lehiaketa egongo da, beraiek ere parte hartzeko aukera izan dezaten.
Santiago Egunean, uztailaren 25ean, XXXIV. Nekazaritza Azokaren eguna izango da, baserritar jantziak berreskuratzeko eta herriko sustraietara bueltatzeko hitzordua, hain zuzen ere. 10:30etik hasita, jaietako egun handia ospatzeko hainbat jarduera prestatuko dituzte.
Horretaz gain, ez dira faltako taldeka parte-hartzeko jarduera dibertigarriak: XXV. Mozorro lehiaketa-desfilera eta Rally Barregarria. Horietan eta egingo diren herri-bazkarietan izena emateko epea uztailaren 19a edo plazak agortu arte izango da.
Egitaraua
Uztailak 22, barikua
- 20:00 Pilota-jaialdia eta Kuttuneren kontzertua, Elexalde pilotalekuan.
- 20:30 XXVI. Habanera eta Euskal Polifonia Jaialdia. Abesbatzak: Coros Los amigos de la guitarra (Barakaldo), Biotz Alai (Algorta-Getxo) eta Lirain (Gorliz).
Uztailak 23, zapatua
- 11:30 Kinpulene Uribe Eskubaloia taldearen eskubaloi tailerra, Ibarreta plazan.
- 14:00 Jai giroa.
- 15:00 Herri-bazkaria, Estratakoetxe parkean. Txartelak kultur etxean uztailaren 19ra arte edo agortu arte.
- 16:30 Jokoak gazteentzat, Elizako plazan.
- 19:45 Pregoia eta txupina botatzea Elizako plazan.
- 20:00 Kuadrillen jaitsiera. Itsasbide kaletik Ondarganaraino.
- 22:00 Zezensuzkoa Elizako plazan.
- 22:30 Gorliz Pine-Groove Festival: Steady Rockets, Skabidean eta DJ Juanita. Elizako plazan.
- 22:30 Kontzertuak: Travelling Brothers eta Rock&Rollo Ibarreta plazan.
Uztailak 24, domeka
- 09:00 XLII. Bakailao Txapelketa Bizkaiko erara, Estratakoetxe parkean.
- 10:00 Tortilla Txapelketa gazteentzat, Estratakoetxe parkean.
- 11:00 XXXVI. Eskulangintza Azoka, Artzelu plazan.
- 11:30 Zezen puzgarrien entzierroa Elizako plazan eta Itsabide kalean.
- 12:00 Fanfarria kaleetatik.
- 13:00 Bakailaoen eta tortillen aurkezpena.
- 13:30 Moto trial, Ibarreta plazan.
- 14:30 Txapelketa gastronomikoen sari-banaketa.
- 18:30 XXV. Mozorro-lehiaketaren desfilea, Itsasbidetik behera.
- 20:00 Kantu Kolore, Ibarreta plazan.
- 20:00 Gatx gazteen egitarauaren sari-banaketa.
- 20:00 Txistorrada, Ibarreta plazan, Urris taldearen eskutik.
- 20:30 Kontzertua: Beietz!, Elizako plazan.
- 22:00 Mozorroen sari-banaketa, Elizako plazan.
- 22:30 Zezensuzkoa Elizako plazan.
- 22:30 Mariatxiak Ibarreta plazan.
- 23:30 Kontzertua: Kaotiko, Elizako plazan.
Uztailak 25, astelehena
- 10:30 XXXIV. Nekazaritza Azoka, Artzelu plazan.
- 10:45 Zumba, aikido eta boxeo erakustaldiak, Elizako plazan.
- 11:00 Haur Parkea eta Urris taldeagaz madalena tailerra, Itsasbide kalean.
- 11:45 Triki-kantu eta dantza-poteoa Elizako plazatik. Denok baserritarrez jantzi!
- 12:00 Santiago Gorlizko patroiaren ohorezko meza Lirain abesbatzak abestua.
- 12:00 Ekimen solidarioa Urris taldearen txosnan.
- 12:00 Txutxu trena kaleetatik.
- 12:45 Ohorezko aurreskua eta Aratz taldearen dantzaldia elizako plazan.
- 15:00 Herri-bazkaria San Pedro plazan. Txartelak kultur etxean uztailaren 19ra arte edo agortu arte.
- 17:30 IX. Xake Partidak Artzelu plazan, "Josete"-ren oroimenez.
- 18:00 Sagardotegi ibiltaria, San Pedro plazan.
- 18:30 Play Back txapelketa Ibarreta plazan. Adina: 0-6, 7-11 eta 12-15. Amaitzean, sari-banaketa.
- 20:30 Play Back txapelketa 16tik gora. Amaitzean sari-banaketa.
- 21:30 EinGo Taldea, Ibarreta plazan.
- 22:30 Zezensuzkoa Elizako plazan.
- 22:30 Urrats taldearen erromeria, DJ Kull, Unai Muguruza Aio DJ, Elizako plazan.
- 23:00 Band Jovi, Bon Jovi taldearen tributua, Ibarreta plazan.
Uztailak 26, martitzena
- 11:00 Zezen puzgarrien entzierroa Elizako plazan eta Itsabide kalean.
- 11:30 Umeentzako parkea, Ibarreta plazan.
- 12:00 Fanfarria Gorlizko kaleetatik.
- 13:00 Jubilatuentzako luntxa.
- 17:00 Fanfarria Gorlizko kaleetatik.
- 17:00 Rally barregarria Ibarreta plazan. Izen-ematea kultur etxean uztailaren 19a baino lehen.
- 19:00 Kale-antzerkia: Organik, Sertutxenan.
- 20:00 Bertso Saioa Elizako plazan: Saioa Alkaiza, Andoni Egaña, Aitor Etxebarriazarraga eta Maddi Ane Txoperena.
- 22:00 Kuadrillen Igoera: fanfarriak, taldeak eta ikuskizuna. Itxasbidetik Elizako plazara.
- 23:00 Jaitsierako sari-banaketa Elizako plazan. Ondoren, Urri erreko dute.