COVID-19a dela eta, ezin izan zenuten 40. urteurrena ospatu. Aurten zerbait prestatuko duzue?
Bai, taldea 1980an sortu zen, eta, horregatik, 2020an urteurren-ospakizunak antolatzen hasi ginen, baina dena bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz. Gainera, momentu honetan, ez gaude jende nahikoa zerbait prestatzeko, beraz, 45. urteurrenera itxaron beharko dugu. 35. urteurrenean herriko festetako pregoilariak izan ginen eta, aurreko urteurrenetan bezala, horiek behar bezala ospatu ahal izan genituen.
Jende nahikoa ez duzuela diozu, zein da taldearen egoera?
Azken urteotan heldu askok dantzatzeari utzi behar izan diote; izan ere, nesken talde oso bat galdu dugu. Horren ondorioz, apur bat kolokan gaude; bizirauten gabiltzala esango nuke. Hala ere, aurten ume berri asko sartu dira, tartean, 10 mutil berri, eta horiei esker talde berria osatzea lortu dugu. Gainera, oso pozik dabiltza, buru-belarri mutilen dantzak entseatzen.
"Herrian euskal kultura sustatzeko eta gure ohiturak mantentzeko jardueretan parte hartzen saiatzen gara"
Nolakoa da Aratz Dantza Taldean?
Saiatzen gara euskal dantza tradizionalak egiten. Zentzu horretan, ez gara berritzen dutenetakoak. Horretaz gain, lehen, Espainiako Estatuko hainbat lekutara joaten ginen eta atzerriko herrialdeetan ere egon gara, Italian, adibidez. Hala ere, Gorlizen egiten diren ekitaldietan egoten saiatzen gara beti. Gure helburua tradizioak mantentzea eta euskal kultura sustatzea da.
Taldea zabalik dago izena eman gura duen edonorentzat?
Bai, noski! Taldearen ateak beti daude zabalik etorri nahi dutenentzat. Urrian hasiko ditugu entseguak, eta ordutegia gure sare sozialetan jarriko dugu. Umeak bost urtetik gora etor daitezke, baina edonork parte har dezake, baita gurasoek ere. Mundu guztia gonbidatu nahi dugu euskal dantza tradizionalak ezagutzera etor dadin.