Arreta Goiztiarra zenbait jakintza alorretako ekintza koordinatuen multzoa da, garapenean arazoak edo eragozpenak dituzten edo izateko arriskua dauden umeen premiei erantzuteko. Kanpaina horretan murgilduta dagoen Ziortza Bilbao Gorliztarrak azpimarratu duenez, "murrizketakaz eta terapien kostua gure gain hartzeagaz nekatuta gaude, horregatik, Bizkaiko hainbat familia elkartu gara eta ahotsa altxatzea erabaki dugu, gure seme-alabei kalitatezko Arreta Goiztiarraren zerbitzua exijitzeko. Kalitatezko hezkuntza- eta osasun-laguntza jasotzeko adingabeek daukaten eskubidea babestea eskatzen dugu, hain zuzen ere”.
Zentzu horretan, change.org plataforman abiatu duten kanpainaren bitartez honako hau eskatzen dute: murrizketak bertan behera uztea; itunpeko ikastetxeetan egiten den Arreta Goiztiarreko lana Berritzegune eta Osakidetzako zerbitzuek osatzea, eta ez horien ordezkoa izatea; Arreta Goiztiarra umeek sei urte bete ostean jarraitzea eta adingabeek kalitatezko gizarte-, hezkuntza- eta osasun-laguntza jasotzeko duten eskubidea babestea.
Horretaz gain, familiek azpimarratu dutenez, beren seme-alabei eragiten dieten gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuen antolaketan eta funtzionamenduan modu aktiboan ere parte hartu gura dute.