Txakurra duten gorliztarrei beren maskoten kakak batzeko beharraz kontzientziatzeko kanpaina abiatu du Udalak. "Hartu zure/bere kaka!" leloa daraman ekimena 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetatik aukeratutako hiru proposamenetako bat da, eta, besteak beste, azpimarratzen du txakur-gorotzak batzeak udalerria garbi mantentzeaz gain, osasun arriskuak murrizten laguntzen duela.
Zentzu horretan, txakur-jabeek bete beharreko zenbait jarraibide zerrendatu ditu Udalak, hala nola maskoten gorozkiak espaloi zein lorategietatik batzea eta horretarako txakur-gorotzak batzeko poltsak beti aldean eramatea. Zeregin hori errazteko, kanpainaren berri emateko baliatu dituzten gutunak turismo bulegoan aurkeztuz gero, gorliztarrek poltsa banatzaile bat eskuratu dezakete doan.
Baina neurriak ez dira gorotzak batzera mugatzen, izan ere, animalien osasun-txartelak eguneratuta egon beharko dira, eta Amorruaren aurkako txertoa derrigorrezkoa izango da, legeak hala agintzen baitu. Horrez gain, maskotak mikrotxipa eta udal-erroldan inskribatuta ere egon beharko dira, eta arraza arriskutsu bezala sailkatuta dauden txakurren jabeak horiek lotuta eta muturrekoa jarrita eraman beharko dituzte uneoro.