Aurreko barikuan, 14:00ak baino lehen, partikular batek Ertzaintza deitu zuen ohartarazteko bi ezezagun Gorlizko etxe bateko leihoa hausten ari zirela. Segurtasun Sailak jakitera eman du orduan hainbat patruila bertaratu zirela adierazitako lekura eta bi pertsona ikusi zituztela etxe barruan. Polizia ikustean, pertsona susmagarriak zelaian barrera ihes egiten saiatu zirela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, baina agenteek euren bila jarraitu eta bertako baso batean, sasi artean, atzeman zituzten.
Susmagarrietako bati eraztun bi aurkitu zizkioten, eta, agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, lapurreta egin zuten etxetik hartutakoak ziren. Bestalde, etxean gerriko poltsa bat ere aurkitu zuten, ustez lapurretariko batena, eta barruan etxeko ugazaben balioko objektuak zeuden, hala nola erlojuak, eraztunak eta bitxiak.
Atxilotuak polizia-aurrekariak dituzten 21 eta 22 urteko bi gizon direla adierazi du Segurtasun Sailak. Orain, agintari judizialen eskuetan daude epailaren aurrean deklaratzeko.