Gorlizko alkatea den Nagore Utxupi alkateak adierazi duenez, Gorlizko Udalaren helburu nagusietako bat da ikastetxera joaten diren ikasleen ongizatea "kalitatezko azpiegiturakaz" bermatzea. Gainera, alkateak azpimarratu du Udalak legegintzaldi honetako urte bakoitzean 100.000 euroko aurrekontua izan duela ikastetxean inbertsioak egiteko, eta kopuru hori 140.000 eurora igo dela aurten, plaka fotovoltaikoak jartzearen eta luminariak aldatzearen kostuei aurre egiteko.
Bestalde, Udalak beste hainbat hobekuntza ditu martxan ikastetxerako: alde batetik, berez garbitzen den bainugela bat instalatzen ari da ikastetxearen aurrean dauden zabuei zerbitzua emateko. Era berean, ikastetxeko patioa arratsaldez irekiko dute, astelehenetik barikura, 20:00ak arte, eskola-ordutegiaren ondoren, ikastetxean Gorlizko ikasleentzat eta bizilagunentzat dauden espazioak dinamizatzeko. Helburua asteburuetan ere ireki ahal izatea da, modu horretan, kirol-eskaintza bat aurkezteko.
Horrez gain, hurrengo jarduerei begira, udal-gobernuak aurreratu du bere asmoa dela Taberne Aurreko Txikibide baten bidez ikastetxeko sarbideei jarraipena ematea ikastetxea herriko erdiguneagaz, Jose Antonio Agirre plazagaz, lotzeko. Halaber, ikastetxearen parean dauden zabuak uda hau baino lehenago ordeztuko dituzte, eta, horretarako, Nagore Utxupi alkateak gogorarazi du datozen egunetan Udala Gurasoen Elkarteagaz bilduko dela aurrekontu parte-hartzaileetarako proposamena lantzeko, ikastetxe barruko jolasgunea handitzeko.